Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio Sailak amaitu berri du bere lehen zaharberritze proiektu propioa, Montxo Armendarizek 1981ean zuzendutako Nafarrako ikazkinak dokumentala.
Lan horren azken bertsioa datorren igandean aurkeztuko dute jendaurrean Tabakaleran, Tasio (1984) filma ere ikus ahal izango den proiekzio berezi batean, errealizadore nafarra ere bertan izango delarik. Gasteizko Artium Museoan ere eskainiko dute emanaldi bikoitz berbera hilaren 22an.
Nafarrako ikazkinak dokumentalaren zaharberritzeko lanak Spinner S eskanerrarekin burutu dituzte. Euskadiko Filmategiak 2023aren amaieran eskuratu zuen MWA enpresa alemaniarraren lanabes aurreratu hori, lehiaketa publikoaren prozeduraz eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lagun.
Filmategiko arduradunek atzo azaldu zutenez, “formatu guztietan digitalizatu eta 13,5K-rainoko kalitatea lor dezakeen” gailu horri esker, filmaren fotogramak “ahalik eta zehatzen” digitalizatu eta zaharberritu ahal izan ditugu, lortutako irudien eta soinuaren kalitateak Armendarizen “jatorrizko asmoa fideltasunez islatzea” ziurtatuz.
‘Tasio’-ren Inspirazio iturria
Mendi nafarretako azken ikazkinen bizimodua erakusten du Nafarrako ikazkinak dokumentalak. Lokiz mendilerroko tradizioen eta giza paisaiaren testigantza ederra da oso, eta zuzendari nafarrak hantxe ezagutu zuen Anastasio Ochoa, hain zuzen ere aurrerago, Tasio pertsonaiaren inspirazio iturri izango zena.
Euskadiko Filmategiak Boloniako L'Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu duen filmaren bertsioarekin ospatu du aurten Montxo Armendarizek Tasioren 40. urteurrena; filma, Cannes, Bolonia, Donostia eta Lyongo zine-jaialdietan proiektatu da, baita Paris, New York, Madril, Sevilla, Valentzia eta beste zenbait hiritan ere.
Lan honek “inflexio-puntu bat ezarri du euskal ikus-entzunezko ondarea kontserbatzeko lanean”, Euskadiko Filmategiaren “gure film-memoria zaindu eta zabaltzearen aldeko” konpromisoa berretsiz. l