Jon Arretxe idazlea Durangoko Azokan liburuak sinatzen ibili zen eta hurrengoa aurreratu zuen: “Zenbaki Gorriak labetik atera berri dago eta oraingo honetan Bartzelonako Rabal auzoan kokatzen da”. Argi dauka berarentzat “urteroko zita ezinbestekoa dela, batez ere irakurleak elkartzeko aukera delako. Oso pozik nago eta oso momentu politean nago”. Tamalez, gauza bera ezin du esan bere liburuetako pertsonaia nagusiak: Toure detektibea. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Toureren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena. “Toureren nobeletan denetarik egon da. Batzuetan oso positiboak izan dira eta Toure nahiko egoera onean egon izan da, baina beste batzuk gogorrakoak dira. Zenbaki gorriak esan genezake dela gogorrenetako bat. Toure dago zuloaren hondoan, bakar bakarrik, Rabal auzoan botata, kalean bizi da. Txarrago ezin da egon”, laburbiltzen du Arretxek.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Toure. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko. Inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Nobela beltzaren zalea den irakurleak aukera polita du argitalpen honetan. Izan ere, sortu dituen liburu guztien artean, bidaia-narrazioak eta nobela beltzak dira nagusi. Azken genero honi dagozkio Xahmaran, Tangerko Ametsak, Arrutiren banda eta Toure ikertzailearen sailekoak: 19 Kamera, 612 Euro, Hutsaren itzalak, Estolda jolasak, Sator lokatzak, Ez erran deus, Mesfidatu hitzez, Dortokaren begirada, Lyrica garaia eta Musker amarruak.

Ane Odriozola

Ane Odriozola idazle gipuzkoarra 1979an jaio zen Legazpin, eta Arrasateko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan egindako lana bere pasio handiarekin uztartzen du: istorioak idaztea. “Durangoko Azoka irakurleekin, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko esperientzia paregabea da. Normalean idazlearen lana nahiko bakartia izaten da, baina gero horrelako azoka batean, benetan ikusten duzu zure lanak zer eragiten duen irakurleengan eta zer sentsazio dituzten. Ikaragarria da hona etortzea”, nabarmendu zuen.

2018an El secreto de Gibola, bere lehen eleberria, argitaratzea erabaki zuen, XX. mende hasierako Legazpiko errealitatea islatuz. 2020an Gibolaren historia jarraitu zuen La sombra de Gibola argitalpenarekin, eta 2021ean Conspiración en Gibola eleberriarekin itxi zuen trilogia. Egun hauetan “beti ekarri izan dudan trilogia dago eskuragarri eta, aurten, beste nobedade bat daukat”. Izan ere, El valle del hierro, bere laugarren eleberriarekin, Ane Odriozolak argitaletxe tradizionalera jauzi egin du NdeNobelaren eskutik. NdeNovela Planeta Taldearen fikzioaren zigilu berria da, eta kalitate literario handiko istorioak eskaintzen ditu, bokazio komertzialarekin.

“El Valle del Hierro thriller historiko bat da. Orain arteko liburu guztiak dira thriller historikoak, baina kasu honetan denboran atzerago noa, zehazki, XVI. mendera eta aprobetxatzen dut kontatzeko nola bizi zen garai hartan, baino baita misterioz beteriko istorio bat kontatzen dut, orduan irakurlea istorioan harrapatuta egongo da eta garai hartako gauza asko ikasiko ditu”, aurreratu zuen.

Eleberria 1577ko gau euritsu batean kokatzen da. “Domingo Harria ikazkina bere baserritik atera eta Mirandaolako burdinolarantz joango da. Bertako jabeak, Plazaolatarrak, zain ditu han”.