Donostia – Erein argitaletxeak Elsa Morante idazle italiar ezagunaren Arturoren uhartea kaleratu du literatura unibertsala euskarara ekartzeko aspaldiko ekimenean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailarekin eta EIZIE elkartearekin lankidetzan. Literatura Unibertsala sailaren 190. liburua da, Inazio Mujika Iraolak aditzera eman zuenez. Ereingo editoreak, nobelaren itzultzaile Koldo Biguri eta EIZIEko presidente Fernando Reyrekin batera aurkeztu zuen atzo Arturoren uhartea. “Hau da Elsa Morante euskaraz irakurtzeko lehenengo aukera”, esan zuen Mujika Iraolak.
Euskaraz irakurtzeko lehen aukera bada ere, idazlearen obra hori aski ezaguna da Donostian, 1962an Damiano Damianik zuzendutako bertsio filmikoak Urrezko Maskorra irabazi zuelako Zinemaldian.
“Edertasun lirikoa sakontasun psikologikoarekin” uztartzen duen nobela dela gehitu zuen editoreak. Arturo izeneko nerabe baten istorioa kontatzen du Moranteren obrak. Napolitik hurbil dagoen Procida uhartean girotua, amaorde gazte baten etorrerak sortzen dizkion sentimenduei egin beharko die aurre Arturok, helduarora bidean.
“Ilusio handia egin zidan itzulpen honen enkarguak nik badudalako lotura pertsonal bat Procidarekin”, kontatu zuen Koldo Bigurik. Aipatu zuenez, orain dela zenbait urte, hara joaten zen itzulpen lanak egitera, uhartean bertan baitago itzultzaile egoiliarrentzako etxe bat. Irlaren ezagutzak itzulpenarekin ere dezente lagundu omen dio.
Lehen aldiz 1957an argitaratu bazen ere, gaur egun, Procidan eta Italia osoan Arturoren uhartea “oso bizirik” dagoen nobela dela gaineratu du. Orain, Erein eta Biguriri esker, Moranteren nobela, euskaldunon artean ere bizirik mantendu ahalko da.