Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: finalerdietako faseari ekingo zaio OiartzunenN.G.
Azken txanpan sartu da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta, bi hilabeteko ibilbidearen ostean, igande honetan ekingo zaio finalerdietako faseari. Finalaren atariko hiru saio erabakigarrietatik lehena Oiartzunen jokatuko da, Elorsoro udal kiroldegian, igande arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta oholtzaren gainean, 6 bertsolari ariko dira kantuan: Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola eta Oier Etxeberria Zubimendi. Aurkezle eta gai-jartzaile lanak, aldiz, Ane Ezenarro Beristainek egingo ditu.
Seikoteari erreparatuta, Beñat Gaztelumendirena da hizki larriz idatzia ageri den izenetako bat, bera baita egungo Gipuzkoako txapelduna (bi ditu, orotara). Gaztelumendi indartsu iritsiko da Oiartzungo finalaurrekora, zuzeneko txartela eskuratu baitzuen Errenterian jokatu zen kanporaketan. 37 urteko bertsolari añorgarrak pauso bakarrera du Gipuzkoako Txapelketako bere 5. finala, aurrez, txapelerako lehian aritzea lortu baitu parte hartu duen aldiro.
Gaztelumendiz gain, Nerea Elustondo da Oiartzungo saiora zuzenean sailkatuta heldu den beste bertsolaria. Legazpiarrak bete-beteko saioa egin zuen Tolosan eta finalaurrekoetan sailkapen orokorreko 4. puntuazio onenarekin sartu da (500 puntu). Aurten, lanerako gogoz dabil Elustondo eta, orain arte emandako mailari eusteko gauza bada, ez litzateke harritzekoa izango bigarren aldiz bera Illunben kantuan ikustea.
Datorren igandean Oiartzunen kantuan ariko den seikotetik beste izen batzuk ere azpimarratu behar dira. Hala nola, Ane Labaka eta Asier Azpiroz; bi-biek, aurrekari oso ezberdinak dituzten arren. Labakak, finalaurreko gogoangarria egin zuen 2019an, eta Illunberako txartela irabazi zuen merezimendu osoz; Azpiroz, aldiz, final handitik koxka bakarrera geratu zen, 9. postuan. Zubietarrak aurten izango du arantza ateratzeko aukera. Ezin aipatu gabe utzi Eli Pagola eta Oier Etxebarria ere, biak ala biak, lehen aldiz finalaurrekoetara iritsita, ezer galtzekorik gabe aterako baitira.
Finalaurreko estuak eta berritasunak
Oiartzungoaz gain, Zarautzen eta Arrasaten jokatuko dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako beste bi finalaurrekoak. Hiru saioetako irabazleek postu bana ziurtatuko dute Illunbeko zezen-plazako lehia nagusian; gainerako 15 bertsolariek, ordea, puntu guztiak banatu zain egon beharko dute, jokoan egongo diren gainerako 5 aulkiak banatu, eta final nagusiko zortzikotean egongo diren edo ez jakiteko.
Finalerdietako lehiara indartsu iritsiko dira, besteak beste, Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi ere, hirurak zuzenean sailkatuak. Martinen kasuan, gainera, nabarmentzekoa da puntuazioetan gainerako bertsolariei atera zien koxka polita. Oiartzuarra, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken 3 final nagusietan izan da, hutsik egin gabe (2011n, 2015ean eta 2019an), eta bere izena txapelerako hautagaien kiniela askotan ageri da. Kontuan hartu beharreko izenen artean daude Agin Laburu Rezola, Maider Arregi Markuleta edo Amaia Iturriotz Etxaniz ere, aurten erakutsi duten maila kontuan hartuta.
Igandetik aurrera, ordea, bertsolariek hutsetik hasi beharko dute puntuak biltzen. Finalerdietako saio bakoitzean, 21na bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, eta osatu beharreko ariketei dagokienez, badira aipatzeko moduko berritasunak. Ganbarako lanetan, esate baterako: banaka aritu beharrean, binaka kantatu beharko dute, seiko motzean. Horretaz gain, txapelketa honetan lehen aldiz, gaia emanda binaka abestu beharko dute puntutan. Ariketa ikusgarri bezain bihurriak izango dira, eta, jokoan zenbat dagoen jakinda, bertsolariek garesti ordaindu ditzakete irristadak, final handia pauso bakarrera dagoela jakinda.
Ikusmin handia
Udazkenean jokatu zen atariko faseaz geroztik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hamabi geldialdi egin ditu finalaurrekoetara iritsi aurretik. Oro har, maila oneko saioak izan dira eta azpimarratzekoa da bertsozaleek emandako erantzun bikaina. Jokatu diren kanporaketa askotan, ohikoa izan da egunean bertan txarteldegiak itxita aurkitzea, sarrera guztiak aurrez saldu direlako.
Ikusitakoak ikusita, ez litzateke harritzekoa datozen hiru saioetan ere antzekoa gertatzea. Dena den, izango da hiru finalerdiak etxetik jarraitzeko aukera ere, saio guztiak ETB4n emitituko baitira zuzenean, Ilaski Serrano aurkezle eta Jon Martin bertsolariak iritzi-emaile lanetan direla.
Azaroak 17
Oiartzun
Elorsoro Udal Kiroldegia (17.00etan). Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola, eta Oier Etxeberria Zubimendi. Gai-jartzailea Ane Ezenarro Beristain izango da.
Azaroak 24
Zarautz
Aritzbatalde Udal Kiroldegia (17.00etan). Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneko Araiztegi Agirre, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Unai Mendizabal Jauregi. Gai-jartzailea Ion Zaldua Brit izango da.
Abenduak 1
Arrasate
Uarkape pilotalekua (17.00etan). Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran. Gai-jartzailea Imanol Artola Arretxe izango da.