Ekitaldi solidarioak gure gizartean eguneko gai-zerrendan daude. Ezin dugu ukatu egunez egun elkartasun ekimen berriak ezagutzen ditugula. Ekitaldi solidario asko aipa ditzakegu: azkeneko asteetan izan den WOP Challenge, bularreko minbizia duten emakumeei laguntzeko urteroko lasterketa…

Ekimen horietako gehienak kirolarekin lotuta egon ohi dira, edo helburu jakin batzuk lortzearekin, horrela kausaren bat babesteko. Baina badira beste asko, hain ohikoak ez izan arren, hain baliotsuak direnak.

Dani Sadurnik 51 urte ditu eta Bartzelonatik oso hurbil dagoen Santa Perpetua de Mogada herrikoa da. Betidanik musikarekin lotura izan du: DJ lanetan ibiltzen da, kontzertuak antolatu izan ditu… Eta gaur egun, lotura hori inoiz baino indartsuagoa da. 

2011ko maiatzean, Daniren eta musikaren arteko lotura indartu egin zen. Daniri minbizia diagnostikatu zioten eta kimioterapian oinarritutako tratamendua jaso behar izan zuen. Berak aitortzen duenez, “makina bati lotuta eserita ordu asko” eman zituen, eta une horretan, musika izan zen gehien lasaitzen ziona, baina ez edozein musika: hardcore-a.

Besteei laguntzeko beharra

Badirudi ez dagoela enpatia bezain gauza indartsurik, eta hala esperimentatu zuen Danik: “Nire gaixotasuna minbiziaren eta hardcore-aren arteko harremanaren hasiera izan zen. Sendatu nintzenean, pentsatu nuen hardcore-ak niri lagundu bazidan, besteei ere lagun ziezaiekeela”. Horrela, Dani Sadurnik Hardcore Hits Cancer sortu zuen, euskaraz “Hardcore-ak minbizia kolpatu” izango zena, musika estilo horrek modu emozional batean arintzeko duen gaitasunari erreferentzia eginez.

“Hardcore hits cancer irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta dirua biltzen du merchandising-aren bidez”, adierazi du sortzaileak. Lelodun kamisetak saltzeaz gain, kontzertuak antolatzen ere aritzen dira, eta urtero disko bilduma bat kaleratzen dute. Bildutako dirua AFANOC elkartera bideratzen da, Kataluniako Haur Onkologikoen Senide eta Lagunen elkartea den horretara.

Nahiko ohikoa da minbizia duten haur gaixoek denboraldi luzeak igarotzea Katalunian, han egiten diren tratamenduak direla eta. AFANOCek hainbat modutara laguntzen die familiei: tratamenduak irauten duen bitartean ostatu emateko leku bat eskainiz, adibidez.

“La casa dels Xuklis”

Hauxe da bere leloa: “Etxe bat etxetik kanpo”. Tratamenduek irauten duten bitartean familian bizitzeko leku bat eskaintzen dute. Onkologia pediatrikoan erreferente diren ospitaleak Bartzelonan daudenez, eta tratamenduak luzeak direnez, joan-etorriek eragindako kostu ekonomikoak arindu nahi izan zituen AFANOCek. 

Hori dela eta, “tratamenduek irauten duten bitartean familiek doan bizitzeko leku bat ospitaletik gertu izateko ideian” lan egin zuten, horrela, “gaixotasunaren prozesuari ikuspegi lasaiago batetik eta bizi-kalitate handiagoarekin aurre egiten laguntzen duen lasaitasuna emanez”.

Musika ardatz

Dani Sadurnik adierazten duen bezala, eta elkartearen izenak zehazten duenez, minbiziaren aurkako borroka hardcore estilo musikalaren abiatu zuten hasieran. Hala ere, proiektu honen sortzaileak gaur egun musika estilo gehiagoetara zabaldu direla onartzen du: rock, punk rock, metal, alternatiboa…

“Gure ekintza guztiek zerikusia dute musikarekin. Kamisetak saltzen ditugu, beti musikarekin lotura dutenak”, dio Sadurnik. Hori ez ezik, kontzertuak antolatzen dituzte diru gehiago atera ahal izateko, eta urtero disko bat editatzen dute, hainbat taldeen musika bilduz haiek bilduma diskoa deitzen dioten formatuan.

“Hasieran imajinaezina zen”, dio Sadurnik, “oso zaila zen hardcore-aren bidez zerbait egitea, edo horrelako proiektuak musika genero honekin oholtzaren gainean eskutik ikustea”, zehazten du. Musika estilo honen inguruan aurreiritzi asko existitzen dira, adibidez, Dani Sadurnik dioen bezala, genero oso bortitza dela. “Uste dut elkarteari esker gauza horiek baztertzen joan garela, eta lortu dugula pixkat aurreiritzi horiek deseraikitzea eta hardcore estiloaren irudia hobetzea”.

Zentzu horretan, lana bi noranzkokoa da: noski, helburua minbiziaren aurkako borroka da, baina aldi berean lortu dute hardcore estilo musikalari bultzada bat ematea.

Elkartasunaren garrantzia

Kontzertuak antolatzeko momentuan, oso garrantzitsua da taldeen kolaborazioa. Zentzu horretan, Sadurnik zehazten du taldeek badakitela zertarako eta ze helbururekin ari diren jotzen Hardcore Hits Cancer-eko ekimen bat antolatzen denean. “Badakite elkartasuna gure ardatza dela, eta dohainik parte hartzen dute, oso pozik gaude talde guztiekin”.

Elkartasun hori musika bezain garrantzitsua bihurtzen da proiektu honetan, bai kontzertuak antolatzeko momentuan, baita kamiseten bidez oihartzuna irabazteko momentuan edota disko bat taldeen abestiekin editatzeko.

Hasiera eta haziera

Sadurnik esan duen bezala, hasiera zaila izan zen, bereziki hardcore-ak zuen irudiagatik. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka bidea egin dute eta gaur egun hardcore estiloa gustuko ez duen jendea ere poriektu honen partea da. 

Hasiera horrela izan bazen, haziera ere momentu zehatz batean koka dezakegu: 2015ean Dani Sadurnik Ankla Fest-era hurbildu zen entzule bezala, baina ez zen bakarrik joan, bere kamisetak eraman zituen. Biohazard kontzertua baino lehen, aukera izan zuen Billy Graziadei abeslariari Hardcore Hits Cancer zer zen azaltzeko. Billy-ren amak minbizia gainditu zuen duela urte batzuk, eta enbaxadorea bihurtu zen momentu horretatik. Festibal horretako kontzertuan kamiseta jantzi zuen, eta Daniren sorpresarako, mundutik egin zuen bira horretan kamiseta eraman zuen.

Billy bezala, beste talde askok kamiseta jantzi izan dute eta proiektuari ahotsa jarri diote, besteak beste, Madrileko taldea den Hamlet, edo Euskal Herriko Gabezia edo Meltdown. Haien merchandising-a ere Berri Txarrak-en kontzertuetan ikusi ahal izan dugu.

Laguntza ekonomikoa, baita animikoa ere

Laguntza ekonomikoa helburua bada, gogo-aldartean ere laguntza eskaini izan dute, nahiz eta ez duten ekintza zuzenik arlo horretan egin. “Kontzertuetan gure stand-a prestatzen genuenean, jende asko hurbiltzen zen bere istorioa kontatzera”, dio Sadurnik. Minbizia zuten pertsonen lagun eta senideak, edo gaixo onkologikoak, egiten ari ziren lana eskertzera hurbiltzen ziren, eta musikaren bidez gaixoen eta senideen bizi egoera askoz hobea izaten laguntzen ari zirela eskertzen zioten elkarteari. “Eskertu egiten digute gaixotasuna ezagutaraztea, normalizatzea, eta, batez ere, musikaren bidez egitea. Gainera, AFANOCek, gurekin elkarlanean aritzen den elkarteak, leku bat emateaz gain, laguntza psikologikoa eskaintzen die, eta animikoki laguntzeko langile asko dituzte. Dirua ere animozko laguntza horri eskainia da”.

Euskal Herrian ere

Euskal Herrian ere proiektu honek izen eta ahots bat du: Isra Fernández. 40 urteko Laudioko gizon honek zerrategi batean egiten du lan, baina betidanik musikarekin lotuta egon da. Hala ere, bera ez da musikari profesionala, baina hardcore estiloko kontzertuen antolakuntzan murgilduta egon da. Kasualitatez ezagutu zuen Dani Sadurnik sortutako elkartea, lagun batek Hardcore Hits Cancer-etik ateratako disko bat oparitu ziolako. 2018an Sadurni ezagutu zuen, eta lehenengo kamiseta ezagutu zuen. “Sare sozialetara argazki bat igo nuen eta jendea argazki hori konpartitu zuen, argazkian jarri nuen norbaitek kamiseta hori nahi izatekotan, nirekin hitz eginez lortu ahal zuela”, dio Israk. Hortik, Euskal Herriko enbaxadoretako bat bihurtu dela esan dezakegu.

Sorgin tabernan izan ziren kontzertuak. Israel Fernández

“Niri ez zait gaixotasun honekin bizitzea tokatu, baina azken finean, hardcore-a familia bat bezala da, eta laguntzeko bide egokia zela pentsatu nuen”, dio Fernándezek. Berak dioen bezala, bere lana elkartean Euskal Herria eta HCXHX-ren arteko lotura egitea izan da. Euskal Herrian kamiseta bereziak egin dira ere, Iraitz Trojan Tattoo-ren diseinuarekin, eta kamiseta berezi hori ezagutzera eman zen momentu berean, 160 kamiseta saldu zituzten.

Festibalaren sorrera

Kamisetekin hasi baziren ere, Euskal Herrian elkarte honen alde lanean ari direnak nahikoa ez zela pentsatu zuten, eta urtero aurrera eramango zen festibal txiki bat sortu zuten. Laudion egiten den festibala da hau, eta taberna eta tokiko merkataritzaren kolaborazioarekin ateratzen dute urtero aurrera. Sorgin tabernan egin dute urtero.

“Taldeek borondatez etortzen ziren, guk gastuak ordaintzen genituen, baina ez ziguten diru kantitate bat eskatzen”, dio Fernándezek. Elkartasunerako ekitaldi bat zela jakin zutenean, Laudioko negozioek ere laguntza eskaini zuten: musikariek lo egiteko hotelak eta bestelako zerbitzuak eskaini zizkioten antolatzaileei.

Lehenengo urtean Laudion 1800€ elkartu zituzten. Pandemia baino urte bat lehenago izan zen lehenengo edizio hau. Aurten laugarren edizioa egin dute, eta Isra Fernándezek dioen bezala, festibalak garapen esponentziala bizi izan du.

Pandemia bitartean, kamisetak saltzen jarraitu zuten, jertseak ere egin zituzten, eta behin pandemia garaia bukatuta, berriz ekin zioten festibala antolatzeari. Pasa den urtean 3400€ lortu zituzten, eta aurten, Fernándezek onartzen duen bezala, ez zuten igurikimen handirik. “4 lagun gara festibal hau antolatzen, jendea kanpotik dator, baina ez genuen lortutakoa lortuko genuenik espero…”. Aurten lortutako diru kantitatea 4500€-koa izan da.