Nerea Elustondok irabazi du Tolosan jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako azken saioa.

Animazio handiko jardunaldia bizi izan da Tolosako Leidorren, taula gainean Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo izan direlarik, aipaturiko azkena nagusitu da azkenean, 500 puntu lortuta.

Behin atzoko saioa jokatuta, erabat osatuta geratu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolarien zerrenda.

Hurrengo hitzordua bi aste barru izango da, azaroaren 17an, Oiartzunen.

Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo zuzenean sailkatu dira finalerdietarako, eta Agin Laburu, Maider Arregi, Asier Azpiroz, Amaia Iturriotz, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Eneritz Artetxe, Iñigo Mantzizidor, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Oier Etxeberria eta Aner Peritz, bildutako puntuei esker.

Final handia Donostian jokatuko da abenduaren 14an.