“Dragoi Bola Z/hi, Son Gohan aupa...”. Dragoi Bola Z telesailaren hasierako kantuaren zuzeneko interpretazioarekin hasi da gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean, Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen baitan sortu berri den Animedon sailak Dragoi Bolaren euskarazko bikoiztaileei eskainitako omenaldia.
Bertan izan ziren Xabier Amuriza, bi aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea eta lehen bikoizketa horren zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernández, Bulmaren ahotsa; eta Joxe Felipe Auzmendi, Freezeren ahotsa eta ETBko aurkezle historikoa. Bertaratutakoek, gainera –gonbidapenak egunean bertan agortu ziren–, Dragoi Bolaren lehen atala pantaila handian gozatzeko aukera izan zuten.
Egutegiak behartuta egindako omenaldia izan zen, dudarik gabe: 40 urte badira eta, Akira Toriyama mangakak Son Gokuren abenturak komikira eraman zituenetik. Are gehiago, pasa den urriaren 4an bete ziren 35 urte, tximino buztana zuen mutikoaren eta bere lagunen pasadizoak, lehen aldiz, ETB1en euskaraz entzun zirenetik. Eta nola ez ba, antolakuntzak Toriyamaren heriotza hurbila ere –iragan martxoan hil zen– kontuan izan zuen omenaldia egiterako orduan, Toei Animation estudio japoniarrak ekoitzitako bideo labur baten bitartez.
Bertan, Dragoi Bolak ikus-entzunezkoan izan zuen bilakaera ezagutu ahal izan zen –Dragoi Bola, Dragoi Bola Z, Dragoi Bola GT, Dragoi Bola Super– eta, aldi berean, Toriyamaren azken sorkuntzaren aurrerapen bat ere eskaini zen, jada, hainbat streaming plataformetan ikusgai dagoen Dragon Ball Daima. “Ez al litzateke polita izango telesail hau ere, euskaraz ikusgai egotea?”, galdetu zion publikoari ekitaldiaren gidari izan zen Ylenia Benitok. Erantzuna, noski, baiezkoa. “Guk ideia bota dugu, ea Shen Long dragoiari eskatuta, desira hori betetzeko gai den”, gaineratu zuen Benitok irribarrez. Hori bai, urtarriletik aurrera EiTBren Makusi plataforman ikusgai egongo direnak Dragoi Bolaren euskarazko lehen denboraldiak izango dira, EiTBk orain gutxi aditzera eman duenez. Izatez, Antzoki Zaharreko atarian berri hori iragartzen zituen enarak ere ipini zituen antolakuntzak.
Tximistaren bidetik... euskararen bila
Esan bezala, ekitaldia zuzeneko musikarekin hasi zen, Bulma eta Capsula konpainia taldearekin. Eider Elorza Eira jazz abeslariak –ileorde urdindun batekin cosplayaren moduan–, Jorge Luengo baxu-jotzaileak, Aitor Miramon gitarristak eta Eneko Arbea bateriak, espresuki ekitaldi horretarako sortutako taldeak, nostalgia eta tximistaren bidetik, Dragoi Bola Z telesailaren lehenengo bi opening-ak kantatu zituen.
Gero, Ylenia Benito kazetariak Beldurrezko eta Fantasiazko Asteak animeari eskainiko dion Animedon sail berriari buruzko informazioa eskaini zuen, bereziki, urriaren 26 eta 27an eta azaroaren 1ean izango diren emanaldien inguruan.
Lehen atalaren emanaldia hasi aurretik, Joseba Larratxe ilustratzailea gonbidatu zuen oholtzara Benitok. Joseviskyk onartu zuenaren arabera, Toriyamaren obrak eta, konkretuki, euskarazko Dragoi Bolak bultzatu omen zuten hein batean, egun bere ogibidea dena hautatzera. Gainera, Jorge Madejon komisario duen Dragoi Bolatik infinitura erakusketarako prestatu duen ekarpena ere Antzoki Zaharreko pantailan erakutsi zuten, estreinakoz. Erakusketa hilaren 25ean inauguratuko da, San Jeronimoko kriptan.
Tertulia eta omenaldia
Behin lehen atalaren emanaldia bukatuta, Xabier Amuriza, Seve Atencia, Ana Gudalupe Fernández eta Joxe Felipe Auzmendi igo ziren agertokira, Benitok gidatutako tertulian parte hartzeko. Hainbat gai jorratu zituzten, besteak beste, Dragoi Bolan egindako lanak garai horietan eta baita gaur egun ere zer eragin izan zuen euren bizitzan, bai eta haien ustez zein ekarpen egin zion bikoizketa horrek euskarari orokorrean.
Ekitaldia bukatzeko, Animedonen koordinatzaile eta egunkari honetako kultur kazetari Harri X. Fernándezek, Larratxeren laguntzarekin, Iñaki Benito diseinatzaileak sortutako oroigarri bana oparitu zien lau gonbidatuei, euskararen alde egindako lana eskertuz. Momentu zirraragarriena amaiera aldera gertatu zen: Fernándezek, jatorrizko ending-aren abeslariak, a capella hasi zen haur izan ziren guztiek ezagutzen duten kantua. "Ametsak ez dauka inongo mugarik..." abestearekin batera, publiko osoa gehitu zitzaion. Behin kanta hunkigarria amaituta, txalo zaparrada beroarekin bukatu zen omenaldia.