Xaguxar bildumaren radarrean ipini ditu Elkar argitaletxeak zortzi eta hamar urte bitarteko umeentzako beste hiru ipuin ilustratu. Ruben Ruizen eta Exprairen Pellokeriak, Jokin Mitxelenaren Puka, Anense Armiarma eta bi erraldoi eta Iñigo Astizen eta Mikel Valverderen Zizare ia ia hegalaria eta beste ia ia fabula batzuk dira zigiluaren emari berriak. Antxiñe Mendizabal editorearekin batera, autoreek eurek aurkeztu zituzten kontakizun ilustratuak astearte honetan Donostian.
Mikel Zarate haur literatura saria
Pellokeriak ipuin-bildumak 2024ko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi du. Pello izeneko hamar urteko umea da narrazio guztien protagonista, baina, egia esan, irakurtzeko baino “kontatzeko pasadizoak” iruditzen zaizkiola aipatu zuen Mendizabalek. Expraik kontakizunei umorea eta alaitasuna gehitu dizkiela gaineratu zuen. Ruizek azaldu zuenez, pare bat bizipen pertsonaletatik abiatuz eta istripu batek sortutako gaixondo luze bat probestuz idatzi zituen Pello haur xaloaren pasadizoak, beti “naturaltasunez” eta umore pintzekin kontatuak izan direnak. Beste bi ipuinekin alderatuta, Exprai eta Ruizen albuma da, gainera, protagonistatzat gizaki bat duen bakarra. Mitxelena eta Astiz eta Valverderen kasuan, berriz, animaliak dira narrazioen erdigune.
“Bi kimu”
Beste behin ere, Puka, Anense Armiarma eta bi erraldoi ipuinean Jokin Mitxelenak hartu du testuaren eta ilustrazioen ardura. Puka artzain-txakurraren hirugarren istorioa da Elkarrek orain kaleratu berri duena. Kontakizunak “bi kimu” dituela azaldu zuen autoreak. Alde batetik, Hendaiako Abadie jauregiaren inguruko harkaitz batzuen artetik, ekaitza dagoenean, horrelako “bufada” bat ateratzen omen da. Horren inguruan inork ezer idatzi ez zuenez, kimu horri helduko ziola erabaki omen zuen Pukaren abentura berria koka-tzeko. Beste kimu batekin “lotu nahi” izan zuen hura, behin Pasai Donibanen txakur batek eskapu egin zionekoa, hain zuzen ere. Nola egin? “Abentura txiki baten bitartez”.
Azkenik, Zizare ia ia hegalaria eta beste ia ia fabula batzuk bildumari erreparatuz, animalia mota asko agertzen badira ere, bi zikoinen istorioa kontatzen du. Batak bere azken migrazioaren bidaia egingo du, besteak, aldiz, lehena. “Bidaia guztietan bezala” geldialdiak egingo dituzte eta hortik sortuko dira hainbat pasadizo ezberdin.