Azpeitian jokatu izan da larunbat honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-zortzirenetako azken saioa, eta Maider Arregi Markuleta irabazlea izan da.

Gaurko saioaren ondoren, erabat osatu da jada final-laurdenetara iritsi diren bertsolarien zerrenda.

Maider Arregiz gain, zuzenean sailkatutakoak honako hauek izan dira: Aitor Salegi, Eneritz Artetxe, Eli Pagola, Oihana Arana, Amaia Iturriotz eta Andoni Rekondo.

Horiekin batera lehiatuko dira puntuazioaren arabera sailkatutako bertsolariak: Asier Azpiroz, Unai Mendizabal, Haizea Arana, Aratz Igartzabal, Iñigo Gorostarzu, Aner Peritz, Aitor Tatiegi, Oier Etxeberria, Manu Goiogana, Unai Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzizidor, Maialen Akizu, Eneko Araiztegi, Beñat Iguaran, Iñaki Apalategi eta Jon Gurrutxaga.

Eta zerrenda osatzeko, 2019ko txapelketan sailkatutako bertsolariak ere bertan izango dira: Agin Laburu, Alaia Martin. Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Final-laurdenetako lehen hitzordua Eibarren izango da, urriaren 19an, 17.00etan.

Hurrengoa Errenterian izango da biharamunean, urriaren 20an, ordu berean. Hilaren 26an Azkoitiak hartuko du lekukoa, eta 27ko saioa Irunen izango da.

Azaroaren 3koa berriz, Tolosan jokatuko da.

Gogoratu, finala Donostian izango dela, Illunbeko zezen-plazan, abenduaren 14an.

Alde aurretik, finalerdiak, Oiartzunen, azaroaren 17an; Zarautzen, hilaren 24an, eta Arrasaten, abenduaren 1ean.