Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Eguzki Art Zinema SLri 40.000 euro ematea erabaki du Ombuaren Itzala filmaren ekoizpen gastuetan laguntzeko. Proiektua Patxi Bisquertek zuzenduko du, eta beste hainbaten artean Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola aktoreek parte hartu dute.

Foru erakundetik gogora ekarri nahi izan dutenez, Pedro Mari Otaño "bertsolari ospetsuenen artean dago, eta zenbaiten ustez guztien artean handiena ere ba omen da; bere arloan beti modernitatearen eredu izanik". Xabier Lete eta Josanton Artze bezalako poeta eta abeslariek sarritan interpretatu eta errezitatu izan dituzte haren bertsoak.

Euskal letren "berritzaile nagusia" izan zen, "bere garaiko erreferente kultural distiratsuenetako bat". Librepentsalari eta autodidakta, lan garrantzitsuak burutu zituen, esate baterako, Argentinako euskal diasporako seme-alabei euskara irakasteko metodologia espezifiko bat ere sortu zuen.

Patxi Bisquert 'Ombuaren itzala' pelikula filmatzen ari da. N.G.

Auzolanean egindako proiektua

"Kulturaren arloan izugarrizko garrantzia duen figura bada ere, azkenaldian apur bat ahaztuta geratu da, batez ere belaunaldi berrientzat; horrexegatik, filmak haren ondarea ezagutarazi nahi du, eta gu ere bat gatoz helburu horrekin", adierazi du Irune Berasaluze Aldundiko bozeramaileak.

Foru Aldundiarentzat "lehentasunezkoa" da hizkuntza-normalizazioaren alde diharduten erakunde eta gizarte-eragileekin lankidetzan aritzea, proiektu zehatzetan oinarriturik euskararen erabilera areagotu asmoz.

Gogora ekarri zuenez, helburu hori 2024-2027 Plan Estrategikoan jasota dago. Plan horren helburua, "ekosistema kulturala euskaratik eta euskaraz indartzea da, lankidetza-politika integral eta koherenteak garatuz, eremu artistiko guztietan sorkuntza eta hedapena hobetzeko eta areagotzeko, ikus-entzunezkoetan ahalegin berezia eginez".

Gainera, Berasaluzeren esanetan, proiektuak badu berezitasun bat, "are balio handiagoa ematen diona, auzolanean lan egin baita finantziazioa lortzeko eta ezagutarazteko; udalak, erakundeak, kultura-elkarteak, ikastolen eta hezkuntza publikoaren sarea inplikatu dira, egitasmoari oinarri herrikoi zabala eraikiz, guztira 150 aurkezpen publikotik gora egin baitituzte euskal lurralde guztietan".