Zerrenda bat eskaintzen die liburutegiei, komunikabideei eta bestelako erabiltzaileei Autoritateak.eus atari berriak. Euskal bibliografian agertzen diren pertsona ezagunen izenak euskaraz “forma arautu eta bateratuan” zehazten ditu; idazle eta artistetatik hasi eta pertsonaia historikoetaraino iristeko aukera ematen du.

Tresna berri hau Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak sortu dute, eta Idoia Sobrino eta Ane Urkiza arduradunek elkarren arteko lankidetza hitzarmena aurkeztu dute astelehen honetan Donostian.

Azaldu dutenez, Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko liburutegi eta dokumentu-zentroetako profesional zenbait, baita euskal diasporakoak ere, 2017an hasi ziren lanean, eta orain ekarri dute argitara plataforma modura, gaurtik aurrera 134 izen propio eskuragarri daudelarik.

Hala ere, prest eta "estandarizatuta" daude bostehun sarrera ingururekin, eta erakunde sustatzaileek hilean hamar bat sarrera gehiago normalizatu eta webean sartzeko asmoa dute.

Urkizaren esanetan, orain arte ez omen zegoen "irizpide komun, normalizatu eta nazioarteko araudiekin bat zetorren kontrol bibliografikorako euskal autoritateen zitazio sistema estandarizaturik".

Autoritateak.eus “ez da soilik profesionalentzat izango, instantzia guztietan edonork erabiltzeko eskuragarri egongo da, liburutegien, katalogoen eta dokumentu-baseen erabiltzaileentzat, eta udalek ere erabili ahalko dute kale-izendegietarako”, esan du Eusko Ikaskuntzako lehendakariak; gainera, "pertsonen izenei lotutako erregistro bibliografikoetarako araudi bat" ezartzen duela, eta modu desberdinetan dauden izengoitiak edo aipamenak barne hartzen dituela zehaztu du.

Liburutegi nazionalek egin ohi duten lana denez, Urkizaren ustez, ekimena "ezinbestekoa da euskal kultura sustatzeko, babesteko eta zabaltzeko", baita "euskara erabilera sustatu eta aberasteko ere, ikerketa akademikorako eta euskal ikasketetarako funtsezkoa" delako.

Lanabes berriak "erregistroak modu fidagarrian, bateratuan eta iraunkorrean normalizatzea" bermatzen du, eta "baliabide fisiko zein digitalen katalogazioa zehatz eta zorrotz egin ahal izatea ", azpimarratu du.

Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Taldeko ordezkariak adierazi duenez, autoritateen izeneko fitxak agertzen dira plataforman, aldaerak eta formak, onartuta egon ala ez; eta izen propioez gain, gaiak ere agertzen dira.

Pertsona-izenen zerrenda ugarienean sortzaileak batu dituzte, esate baterako Pio Baroja, bai eta idazle, itzultzaile, musikari eta bestelako artista ugari ere; eta 'gaia pertsona bera direnen' artean, berriz, ezer sortu ez arren bibliografia ugaria duten errege-erreginak edo Katalina Erausoren moduko pertsonaia historikoak daude.

Fitxetan, informazio-iturrien erreferentziak eta kanpo-estekak daude, baita "wikidata" bat ere, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez entziklopedia librearen bertsioetan pertsonaiaren sarrerak jasotzen dituena.