Euskal Eskola Publikoaren Jaia 1994az geroztik urtero errepikatzen den ekitaldia da, eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzearen helburuarekin. Aurten, ekainaren 2an ospatuko da Ordizian, urtero ekaineko aurreneko igandean antolatzen baitute. Ekitaldi honen antolaketan, gainera, Ehige guraso elkarteak parte hartze handia du. Ostegun honetan, ikasleek "Publikoa ai do!" abestia eta bideoklipa aurkeztu dute.
"Publikoa ai do!"
Abestiaren izena, aurtengo leloaren berdina da, "Publikoa ai do!". Honekin, publikoa den heinean denona eta denontzakoa dela aldarrikatu nahi da, baita euskara eta euskal kultura sustatzea. Bideokliparen zuzendaria Kim Maiteny bideo-ekoizlea izan da eta letrak Jon Maiak idatzi du. Musikari dagokionez Kau Kori Kura taldearen eskutik joan da, pop surrealista egiten duen Ordiziako musika taldea. Ahotsak beraiek egin dituzte ere Maite Arroitajauregi, Andoni Aizpuru, Ritxar Gomez, Urdaneta eta Oianguren Eskola Publikoetako ikasleekin batera. Azken hauek ere bideoan agertzen dira irakasle, guraso eta José Miguel Nietorekin batera.
Abestian euriaren metafora erabiltzen dute berdintasuna, pentsamenduen inklusibitatea, erlijioa eta abar aipatzeko. Hau da, "leihoa ireki" eta "haize freskoari sartzen" uztera animatzen dute "euripe honetan" "denok gara berdinak" aldarrikatzen.
Plurala eta inklusiboa
Logoan agertzen diren irudiak Eukene Lekuona Ordiziako Urdaneta eskolako komunitatearen kide den disenatzaileak eginak dira. Bertan, euri tantak eta hostoak era erraz eta garbian irudikatu ditu hiru ardatz azpimarratzeko, publikoa, euskalduna eta aniztasuna, eta inklusiboa. Bi elementuak koloreztatu egin dira sortzen dena plurala eta inklusiboa dela adierazteko.
Espazioak eta programa
Jaian egingo diren programak herri barneko hainbat guneetan ospatuko dira. Hala nola, asteazkeneroko Azoka egiten den Plaza Nagusian, Garagartza plazan, Frontoia eta zuhaiztian, JM Barandiaran plazan eta Barrena parkean. Hauetaz gain, beste hainbat kale jarduera egongo dira. Gainera, plazaratzen joango diren beste sorpresa batzuk egongo dira barne.
Hona hemen "Publikoa aI do!" abestiaren letra:
Euria behetik gora
lurretik zeruraino
goian haurrak, umeak
behean amets ta laino
Ba al da ederragorik
herri eskola baino?
Guztion artekoa
guztiontzat egina
xirimiri gozoa
euskara euri fina
bagara esaten dugu
hau ja ez da bagina!
Mundu guztiko jende
ta euri zaparrak
pentsamendu, erlijio
guztien kazkabarrak
edonor blai dezake
gure euri langarrak!
Publikoa ai do! Publikoa ai do!
Publikoa ai do! ai ei
Gazta berde purpurak
arroxak belardiak
artzain replikanteak
koloretako ardiak
Ordiziko plazara
publikotik jalgiak
Publikoa ai do! Publikoa ai do!
Publikoa ai do! ai ei
Publikoa ai do! Publikoa ai do!
Publikoa ai do! ai ei o
Iragarpenek Publikoa ematen dute
hurrengo egunetarako.
Gorde beldurren aterkiak
eta irten kalera!
Zabaldu leiho guztiak
eta utzi publikoaren
haize freskoari sartzen!
Guztiontzat da
eta guztiontzat dago!
Bakoitzak bere pozak
bakoitzak bere minak
janariak, ohiturak
amets ta imajinak
baina euripe hontan
denok gara berdinak
Publikoa ai do! Publikoa ai do!
Publikoa ai do! ai ei
Euskal Herri berdea
gorri, beltza, horia
publikoa ta euskalduna
biharko Euskal Herria
Euskararen tenperaturak
gora egingo du Ordizian
eta Euskal Herri osora
hedatuko da.
Goiz goizetik familia estrato guztiak izango ditugu!
Eta adi! Aniztasunaren eta inklusioaren antizikloia
nagusi izango dugu
datozen urteotan!
Ai do! Publikoa!