Armentia ikastolan, bertsolaritza ikasgaian piztu zitzaion bertsotarako grina, Uxue Diaz de Cerio irakasle zuelarik. Aroa Arrizubieta bertako Bertxilika bertso-eskolan hasi zen, irakasle Maddi Gallastegi zuela. 2013ko eskolarteko topaketan parte hartu, eta 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan eta finalera iritsi zen. Aurten, Arabako Bertsolari Txapelduna izan da. Bertsolariak elkarrizketa honetan azaldu duenez, finalaren aurreko astean urduritasun eta tentsio handiko egunak bizi izan zituen, baita gogo eta emozio ezberdinak ere, eguna iritsi zen arte. Hasiera batean finala irabaztea ez zuela imajinatzen esan du, baina lortutako sariarekin harro dagoela ere aitortu du. Era berean, esperientzia hori eta hasieratik jasotako laguntza eskertu ditu. Arabar honi zerbait gustatzen bazaio, txikitatik, bertsolaritza da, ikasgai hau ikasten hasi eta ikasgelatik kanpo jarraitzea erabaki zuenetik.

Lehenik eta behin, zorionak lortutako sariagatik

–Mila esker. Egia esan, oso pozik nago lortutako txapelarekin. Egun batzuk pasa dira, eta denbora izan dut sariaren ardura nire gain hartzeko. Orain sari hau aprobetxatu nahi dut. Izan ere, sari honek zenbait erantzukizun baditu, eta poztasunez onartzen ari naiz. Bene-benetan, pozik nago, ez nuen espero finala irabaztea, nahiz eta horretarako gogoa izan banuen, noski.

Nola bizi izan zenuen egun hura?

–Txapelketaren aurreko egunetan, finalaren aurreko egunetan, emozioz betetako astea bizi izan nuen. Nahiko urduri nengoen. Askotan goiz esnatzen nintzen, alarmak jo beharrik gabe. Emozio handiko astea izan zen, beraz, urduri eta aldi berean gogotsu, eguna iritsi eta beste esperientzia batekin gozatzeko grinaz. Baina, orokorrean, sentimenduei erreparatuta aste zaila izan zen. Eta egia esan, aurreko egun horietan urduri egon arren, egunean bertan lasai esnatu nintzen. Gogotsu. Egun horretan, ahal den neurrian, lasai egotea lortu nuen, momentuaz gozatzeko. Hala ere, beste bertsolariekin elkartu nintzenean, normala den bezala, urduritasuna piztu zen berriro. Esan dizudan bezala, ez nuen irabaztea espero. Baina asko gozatu nuen, urduri egon arren.

Betidanik gustatu zaizu bertsotan aritzea?

–Bai, nire lehen urratsak mimo handiz gogoratzen ditut, maitasun handiz. Hezkuntza arautuan bertsolaritza ikasten genuen, eta hortik hasita apuntatu nintzen bertso eskolara. Asko gustatzen hasi zitzaidan, ikasteko, jarraitzeko..., motibazio handia nuen. Bertako lagunak ere maitasunez gogoratzen ditut. Bertsolaritzaren munduan hasi naizenetik oso gustukoa izan dut, eta horregatik izan dut beti argi jarraitzeko asmoa.

Zer da bertsoak egiterakoan topatzen dituzun zailtasun handienak?

–Bertsoren bat egiten ari naizenean gehien kostatzen zaidana, esan nahi dudan edo pentsatzen ari naizen hori modu egokian azaltzea da. Hau da, esan nahi dudan mezua ondo esatea da erronkarik garrantzitsuena, ondo iristea bestearengana. Asko exijitzen diot neure buruari, amaitzen dudanean beti pentsatzen baitut agian hobeto egin zitekeela.

Gero eta gazte gehiago interesatzen dira bertsolaritzaren munduarekin ala galtzen ari da interesa gazteen artean?

–Araban gero eta maila handiagoa dago bertsolaritzan; bertsolari oso onak daude, eta nabarmentzekoa da gero eta gazte gehiagok dutela interesa bertsolaritzarekiko. Ez dut horri buruzko ikerketarik egin, baina uste dut gero eta gazte gehiago animatzen direla bertsolaritza probatzera eta datozenak fuerte datoz.

Zer gai dituzun gustukoen bertsoak egiterakoan?

–Oso erlatiboa da. Asko gustatzen zait eta oso eroso sentitzen naiz umorezko gaietan; baldin eta zer esanik badatorkit. Gaiak oso konkretuak iruditzen zaizkit zein gustatzen zaidan aukeratzekotan. Gai sozialetan ere zer esana badagoela iruditzen zait. Orduan, alde horretatik izaten ditut gustuko.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

–Bertsolaritzak ideologia batzuk zabaldu ahal izateko balio izatea nahiko nuke; gazteak etorkizunarekin gero eta zaletuago egotea nahiko nuke, eta plazan denok horrelakoak kantatzen aritzea nahiko nuke, baina nolakoa izango den ezin aurreikusi dezaket. l