Emozioari ia eutsi ezinik eta ezpainetan sekulako irribarrea zuelarik, Aroa Arrizubieta Barredok historia egin zuen larunbatean Arabako Bertsolarien Txapelketan. 2019an iritsi zen estreinakoz bere lehen finalera. 2024an txapeldun, Antzoki Nagusia hankaz gora jarrita. Lehen txapela jantzi du beraz, azken txanpan Manex Agirreri gailendu ondoren. Eta aipatzekoa da, bien arteko aldea oso txikia izan zela.

Beraien atzetik geratu ziren, ordena horretan, Paula Amilburu (arratsaldeko beste garaile nagusia eta txalo zaparrada gehien jaso zituena), Peru Abarrategi (ordura arteko txapelduna), Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre. Horien guztien maila bat gainetik aritu zen Arrizubieta, bera izan da lehena, mende honetan jaio eta Arabako txapela irabazten. Seiek trebetasun handia erakutsi behar izan zuten proposatu zitzaizkien gaiak kudeatzeko, batez ere Printzipaleko oholtza gainean Barbie, Asterix, Edurnezuri eta antzekoak aipatu zirenean... Une horretan jaso zuen Amilburuk arratsaldeko txalo zaparrada handienetakoa.

Hortik aurrera ere, bertsotarako jarritako gaien sorta askotarikoa izan zen: ama baten mugikorrean azaldutako argazki erotiko batzuetatik hasi, joan den martxoaren 3ko manifestazioko karga polizialak, eta beste hainbat burutapen. Aitor Jimenez Tolosana, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Iker Elexpuru Lete, Fernando Sopelana eta Patxi Aizpurua Garaialde – Endika Jimenez Enbeita idazkari lanetan aritu zelarik – izan ziren puntuazioa erabakitzearen arduradunak, Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako ekitaldian. Aurkezle lanetan Nieves del Alamo Gil aritu zen, eta gai-jartzaile Oier Suarez Hernando.

Xabi Rico

Balioan jarri Egungo formatuan, txapelketa mende berri honetan sendo finkatu dela esan daiteke, batez ere bi urtean behin egiteko erabakia hartu zenetik. Horrek ez du esan nahi, ordea, iragana ahaztu behar denik, ezta gutxiago ere. Ezinbestekoa baita presente edukitzea. Horregatik, edizio honetan zehar ondo gogoan izan da beti, orain 40 urte burutu zela Arabako lehen txapelketa, nondik gatozen kontuan izanik norantz goazen argi izateko. Eta hain zuzen ere horregatik ipini zion Xabi Rico gasteiztarrak txapela Arrizubietari Printzipaleko agertokian, bertsolaritza dotore burutzen ari den belaunaldien arteko erreleboa modu adierazgarrian irudikatu nahirik.

Giro aparta Printzipaleko ateak zabaldu aurretik ere, emozio handiko topaketa baten atarian geundela antzematen zen inguruetan. Finala hasteko jarritako orduan jende asko artean sartu gabe zegoelako pittin bat atzeratu egin zen hasiera, eta arratsaldeko bost eta erdiak ondo jota zirela hasi zen dema, sei finalistak oholtzan zirela.

Guztion oroitzapenean aurreko udazkenean bizitako kanporaketak, bai eta neguan erabakitako final-laurdenak eta finalerdiak ere, azken txanpa ofizial horretan parte hartutako bertsolariak 18 izan direlarik. Jendartean berriz, ikusle anonimo asko, bai eta aurpegi aski ezagunak ere, tartean Edurne Azkarate aktore eta bertsolaria. Lau aldiz txapeldun izan eta aurtengo lehiaketan hutsune handia utzi duen Oihane Perea ere bertan zen.

Gaueko bederatziak jo aurretik jaitsi zen finalaren oihal sinbolikoa. Ordura arte, emozioz, urduritasunez, buru-argitasunez eta gozamenez betetako hainbat ordu bizi izan ziren. Aurrean, bi urte luze geratzen dira, baina agenda ez da lozorroan geratuko, noski, Korrika berehala helduko baita Arabako lurretara. Hortik aurrera ere, Arabako Bertsozale Elkartearen ibilbideak ez du etenik izango. Datorren urtean Kuadrillen arteko Txapelketa jokatuko da eta, ezin ahaztu, lurraldeko bertso-eskoletan egunero-egunero egiten den lana.

Horixe baita benetako saria… hori delako benetako garaipena.