Laburbirak, euskaraz sortu eta ekoitzitako film-laburren zirkuituak, bere 21. edizioa ospatuko du 2024ean. Apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean ospatuko da eta aurkeztu nahi duten sortzaileek otsailaren 29ra arteko epea izango dute lanak aurkeztu eta izena emateko.

Euskaltzaleen Topaguneak ohartarazi duenez, zirkuituan parte hartzeko laburmetraiek euskaraz egindakoak, 2023an ekoiztutakoak eta 20 minututik beherakoak izan behar dute (izen ematea https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira/webgunearen bitartez egin behar da).

Topaguneak gogora ekarri ditu zirkuitu honen bi helburu nagusiak: “Euskal zinemagintza hauspotzea batetik”, zinemagileei haien lanak erakusteko aukera emanaz, “eta herritarrei euskaraz sortutako film-laburrak ezagutaraztea, bestetik”.

Film-luzeak ekoiztearen zailtasunen jakitun, film-laburrak sorztzera jotzen dute zuzendariek profesionaltasunera bideratzen direnean. “Zentzu honetan, Laburbirak berebiziko garrantzia du autoreei eta beraien lanei ikusgarritasuna emateko orduan eta zirkuito egonkor eta zabala eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”, esan dute Euskaltzaleen Topagunetik, gerora gehitzeko azken bi hamarkadetan Laburbirak “bide arrakastatsua egin duela”, euskal zinemagintzaren “erakusleiho erreferentziala” bihurtzeraino.

Martxoaren lehen astean aukeratuko dira zirkuituaren 21. edizioan herriz herri emango diren obrak. Aukeraketa egiterakoan, antolatzaileek honako irizpideak izango dituzte kontuan: publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna, genero ikuspegia eta filmen bestelako ezaugarri batzuk (umorea, animazioa, euskalki aniztasuna...).