Esaera zaharrak dion bezala, irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten du, eta horretan trebeak dira Harriet, Astiberri eta Denonartean argitaletxeek. Izan ere, argitaratzen duten liburu bakoitzean irudia gailentzen da gehien bat. Ilustrazioen, eleberri grafikoen eta komikien munduan trebeak dira eta, egun hauetan, Durangoko Azokan kulturaren eta, bereziki, komikien maitaleak berrikuntza ugari eskragai izango dituzte bere postuetan. Komikiak zerbait badu, fantasia eta irudimenaren munduan murgiltzea da. Aurtengo azokaren funtsezko osagaia alegia.
Ilustrazioek irakurketan duten zeregina ukaezina da, eta, zentzu horretan, ilustratzaileak irudien eta testuaren arteko harremana zaindu behar du. Komikiek eta literaturak oso hizkuntza hurbila dute, azken finean istorio bat kontatzen da testuaren bidez, baina komikiak, literaturaren ordez, kontakizuna indartzen eta laguntzen du irudien bidez. Hau da, ilustrazioak sentimenduak eta istoria barneratzen laguntzen du. “Garrantzi handia ematen diegu ilustrazioei, bai barruko irudiari, bai portadari. Liburu asko erosten dira portadarengatik bakarrik, gaur egun bisuala izatea funtsezkoa da eta argitaletxeek hori badakigu. Zaindu beharreko zerbait da, eta ohiko narratiban ere oso garrantzitsua da azala lantzea. Guk garrantzi handia ematen diogu eta zorionez Euskal Herrian oso ilustratzaile onak ditugu”, adierazi zuen Unai Pascual Denonartean argitaletxe nafarraren arduradunak. Eta arrazoia ez zaio falta ilustratzaile euskaldunen zerrenda luzea delako: Lorea Martinez, Mattin, Olga de Dios, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola eta Maite Rosende, besteak beste.
Ildo horretan, Ixabel Agirresarobe aktore, ipuin kontalari eta idazleak, Azokaren bigarren egunean, argi eta garbi azaldu zuen ilustrazioek literatura-proiektuei ematen dieten balio erantsia. “Ilustrazioak, alde batetik, narrazioaren jarraipena egiten laguntzen du, eta, bestetik, xehetasun batzuk emateko osagarri ederra bihurtzen da, agian hitzekin azaldu ezin direnak, bai koloreagatik, bai pertsonaien mugimenduengatik, eta nire liburuetan marrazkiak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Normalean esaldi laburrak egiten ditut errimekin jolastuz eta lehen irakurleei begiratuz ilustrazioak bere pisua du”, azaldu zuen Amona Tomasa, Primi eta Maurizia eta Txulotik-Remigioren Udarregi álbum ilustratuen egileak. Bere kasuan ilustrazio guztiak Iñaki Martiarena Mattin”ek egin ditu.
Aurtengo azokan aurkitu ahal diren nobedadeen harira, komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra nabarmentzen da. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean ikusteko aukera dago pantailen bidez eta lan horietan aritu ziren atzo Garluk Aguirre eta Alex Macho marrazkilariak, Gregorio Muro-Harriet komiki-gidoilari ezagunak egin duen Anker tituluaren ilustrazioen egileak.
Manga euskaraz
Duela urtebete Harriet argitaletxeak erabaki zuen euskarazko japoniar tradizioko lehen komikia egitea. Kasualitatea edo kausalitatea, baina orain Kabe zigilupean ezagutzen den euskarazko manga proiektuaren lehen hazia Durangoko Azoka izan zen. “Pandemia baino urtebete lehenago ikusi genuen hemen Durangoko Azokan ume pila bat zegoela manga eske eta guraso asko ere hurbildu ziren gure stand-era euskarazko mangarik ote genuen galdezka, beren seme-alabek manga irakurtzea nahi zutela adieraziz, batez ere euskaraz. Orduan ikusi genuen zerbait egin behar genuela”, gogoratu zuen Mikel Muro Kabe zigiluko arduradunak. Baina manga euskarara ekartzeko ahaleginak denbora eraman die. “Argitaletxe japoniar batzuekin harremanetan jarri ginen eta oso zaila egin zitzaigun kultura eta pentsamendu ezberdinak dituztelako, eta azkenean Iker Alvarez itzultzaile iruindarraren laguntza lortu genuen. Tokion bizi da eta manga euskarara pasatzeko ideia zeukan. Harremanetan jarri ginen eta iaz argitaratu genuen Cube Arts eta arrakasta handia izan zuen. Ordutik hona 10 ale gehiago atera ditugu. Adibidez, Heroines Game, Dinosaurs sanctuary eta Girls’ last tour”, zehaztu zuen Murok.