Eguraldiak ez zen lagun izan azokaren bigarren egunean, baina euria eta freskotasuna gorabehera, jendetza bildu zen Landako Gunean. “Aurreikusi baino jende gehiago etorri da Landakora eta inguruetako guneetara. Erakusmahaietan kuxkuxeatzen, tailerretan parte hartzen, sortzaileen sinadurei itxaroten… Hainbatek ilarak egin behar izan dituzte gogoko artisten standetan. Ekitaldi batzuetan ere hala gertatu da”, adierazi zuten Gerediaga Elkartetik.
Goizeko protagonista nagusiak ikastetxeak izan ziren eta Ikasle Goizak ehunka ikasle ekarri zituen Durangora, 400 inguru, Euskal Herriko hainbat txokotatik, euskal kultura eta 58. edizioko ia mila nobedadeak ezagutu eta gozatzeko prest. Iruñea, Altsasu, Bera, Baiona, Lekeitio eta Gautegiz-Arteagako ikastetxeetatik egin zuten bisita. “17 ikasle eta 5 irakasle etorri gara goiza pasatzera. Merkataritza zikloa ematen diegu eta gure helburua ikasleek erakusmahaiak ikustea da, bezeroen arreta nolakoa den ikustea eta, batez ere, praktikara eramatea”, azaldu zuen Ainhoa Manterola Altsasuko Lanbide Heziketa ikastetxeko irakasleak.
Txantreako Eunate ikastetxeko 4DBHko ikasleek ere ariketa praktiko bat egin zuten. “Hemen dagoen giroarekin erreportaje bat egin behar dugu, jendea elkarrizketatu, zein idazle eta musikari dauden ikusi, eta gustoko dugun zerbait erosteko aukera badaukagu, erosiko dugu”, azaldu zuten Naia Gorraiz, Izaro Montes eta Oihan Larunbe gazteek. Erosteko aukerarik galdu ez zutenak, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako Iaritz, Aitor, Adur eta Oihan izan ziren. “Cube Arts eta Heroines Game euskarazko manga liburuak erosi ditugu. Komikiak asko gustatzen zaizkigu eta hemen aukera ona ikusi dugu”, aitortu zuten.
Izan ere, irakasleek “Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetako batera” etorriko zirela esan zieten, eta “euskal kultura eta sorkuntza bultzatzeko” Iruñeko Biurdana ikastetxeko 85 ikasle eta irakasle ere bertaratu ziren. “Euskarari eta euskal kulturari gure ekarpena egin nahi diogu, giro ederra dago eta buelta bat eman ondoren, bazkalostean etxera goaz”, aurreratu zuten Markel Yoldi Guerra eta Maialen Muguerza Amigorena irakasleek.
Ikasleei zuzendutako jardunaldi berezi horretan, hainbat tailer eta topaketa antolatu ziren, hala nola palindromo-ariketak Ahotsenean (Musika eskolan), musika-esperimentazioa, filosofia, bideojokoen sorkuntza, antzerki-inprobisazioa, bideoklipak egitea eta Ibarrolako artean oinarritutako eskulanak ikusteko aukera Durangoko Museoan. Zalantzarik gabe, ikasle gehien bildu zituen jardueretako bat Game Erauntsia eta Rolariak elkarteek antolatutako Gamer topaketa izan zen. Egun guztian, ateak ireki zituen Kabia gunean, baina goizean ikasleei zuzendutako ariketak burutu ziren eta besteak beste, Baionatik etorritako ikasle talde batek parte hartzeko aukera izan zuen, Ibai Aizpurua irundarrak Durangoko Azokako IV.Sormen Bekaren irabazleak –Barraka bideojoko proiektuarekin– topaketa gidatzen zuen bitartean.
Ikasle Goiza atzoko protagonista nagusia izan arren, azoka bera lehen ordutik egon zen zabalik kulturazale guztientzat, eta bisitarien joan-etorria etengabea izan zen. “Urtero etortzen gara familian, nobedadeak ikustera eta eguna pasatzera. Azoka ikusiko dugu, haurrak gamer gelan parte hartuko du, gero Durangoko Museora hurbilduko gara tailer bat egitera... Normalean programazioan dagoena ikusten dugu, eta bakoitza hara eta hona ibiltzen gara”, adierazi zuen Maitane Garcia sestaotarrak. “Uste dut beharrezkoa dela hemen ekoizten diren sorkuntza lanak bultzatzea eta hemen egon behar dugu”, gaineratu zuen.
Eta gunez gune azokaren programazioak aurrera egin zuen. Ahotsenean (Plateruena Kultur Aterpea) Xabi San Sebastian, Braulio, Moxal eta Zekerren zuzenekoak ikusteko aukera izan zen eta, bestalde, Harkaitz Cano, Nerea Loiola, Xabier Mendiguren eta Patxi Zubizarretak liburu berriak aurkeztu zituzten.
Gazte eztanda
Gaur ere, hilak 8, gazteei begira jarriko da azoka eta Gazte eztandaren bigarren edizioa ospatuko da. Horretarako hainbat ekimen antolatu dira. Landako Ikastetxean bazkaria 14.30ean, bingo musikala jarraian eta eguna amaitzeko, goizaldera arte musika izango da Landako plazan, Katu musika taldearen eta MadariKatuak DJen eskutik.
Dena dela, egunean zehar guneetan programatutako ekintza asko ere gazteen interesekoak izango dira. Horren adibide da Izaroren bideoklip estreinaldia, baita Nakar, TOC eta Silitia taldeen disko aurkezpenak. Bestalde, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus obraren aurrestreinaldia izango da, hain zuzen ere, iazko Sormen Bekaren emaitza. l
GOR DISKOETXEAREN OMENaLDIA. Azokaren bigarren jardunaldia amaitzear zegoenean Gerediaga Elkarteko arduradunek GOR diskoetxeari omenaldi xume bat eskaini nahi izan zioten. “32 urtez hutsik egin ez duen GOR diskoetxea ez dago aurten. Itxieraren notizia heldu zitzaigunean, geratu ginen harriturik bezain sorgor. Azokan Gorren falta igarriko dugu”, adierazi zuen Nerea Mujika Gerediagako presidenteak. Argazkia: Gerediaga Elkartea