Artea lagungarri izan al daiteke gure emozioak hobeto ulertzeko? Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culturek 2022an jarri zuten martxan artea eta giza sentimenduak lotzen dituen Artetik: From the Art egitasmoa, aipaturiko bi osagarri horiek, aldi berean, esperientzia digitalerako abiapuntutzat hartuz. Mendeetan zehar, baita arte garaikidearen kasuan ere, teknika, kolore eta material ezberdinez sortutako obrek oso bestelako emozioak eragin izan dituzte ikusleengan.
2022an, Guggenheimen aurkeztu zuten instalazioak, zentro horretako bildumek gugan eragiten zituzten emozioei buruz hausnar-tzera gonbita egitea zuen helburu, eta ekimen horretan 230.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Oraingo honetan, Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culturek, Artetik: From the Art proiektuaren online bertsioa jarri dute martxan. Esperientzia berri horrek eraikinaren muga fisikoak gainditzen ditu, eta munduko edozein lekutatik Museoaren Bildumako lanak bisitariek emandako emozioen bidez ikusteko aukera eskaintzen zaio publiko globalari.
Proiektu aitzindari hau Google Arts & Culture enpresak sortu zuen Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean, 25. urteurrena zela eta, artea eta emozioak lotuko zituen esperientzia digital berritzailea eskaintzea helburu izanik. Egitasmoaren ibilbideko lehen urtean, aurrez aurreko bertsioan, Artetik ekimenarekin elkarreragin zuten pertsonek sentipenen grafiko kolektibo bat sortu zuten. Horri esker zehaztu ahal izan dira museoaren bildumako piezek pizten dituzten emozio nagusiak, besteak beste, lilura, jakin-mina, dibertsioa eta alaitasuna
Esate baterako, Jeff Koonsen Puppy obraren emozioen mapa garatzen lagundu duten bisitarien %19k aukeratutako emozioa poza izan da. Aldiz, tristura aipatu dute bisitarien %16,1ek Anselm Kieferren Ekiloreak obra ikustean.
Miquel Navarroren Tu mundo, tu ciudad lanaren aurrean gelditu ondoren, bisitarien %12,3 aukeratu duten emozioa harridura izan da. Gainera, esperientzia horrekin, antzeko emozioekin bat egiten duten bildumako beste lan batzuk ezagutzeko aukera ere eskaintzen zaie bisitariei.
Ekimen honen abiapuntua Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek egindako ikerketa bat da; azterlan horretan, artelanek denboran zehar gogora ekarritako emozioak aztertzen zituzten. 500 artelanen arteko aukeraketa batek nola sentiarazten zituzten deskribatu zuten 1.300 pertsonek, piezekin lotutako 25 emozio desberdin azaleratuz, hala nola haserrea, lilura, lasaitasuna, alaitasuna, nostalgia, inspirazioa edota harridura.
Ikertzaileek sentimendu horiek erabili zituzten “emozio interaktiboen atlasa” sortzeko, emozio espezifikoak eragiten zituzten lanak multzokatuz.
Klik bakar batekin
Google Arts & Culture eta Guggenheim Bilbao Museoa hainbat hilabetez elkarrekin aritu ziren lanean, azterketa hori Museoaren Bilduman aplika-tzeko. “Lankidetza horri esker esperientzia online zabaldu izanak indartu egin du bi erakunde horiek berrikuntzarekin, hezkuntzarekin eta edukien irisgarritasunarekin duten konpromisoa”, azaldu zuten Bilboko museoko ordezkariek.