Gipuzkoako kultura eta gizarte erakunde nagusietako batzuk elkartu eta Gertu Kultura ekimenari hasiera eman diote , kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek oso prezio “merkean, esperientzia kultural paregabeak” bizi ahal izatea da helburu nagusia, bakoitzak bere beharren araberako “tratu pertsonalizatua” jasota eta “sartzeko lehentasunarekin”. Besteak beste, Balenciaga Museoa, Chillida Leku, Euskadiko Orkestra, Euskal Itsas Museoa, Kursaal, Topic, Musikene, Donostiako Orfeoia, Dabadaba aretoa eta Zeraingo Udala bildu dira ekimen berri horretan, Afagi, Agifes Aspace, Atzegi, Bagara, Caritas, Gurutze Gorria, Matia Fundazioa eta Emaus elkarteekin batera.

Gertu Kultura egitasmoa atzo aurkeztu zuten Donostiako Santa Teresa komentuan, Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua eta Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatua bertan zirela. Guztira, hogei bat erakunde programatzailek eta hamabost elkartek egin dute bat. Sare horrek Apropa Cultura-ren lorratza jarraitu nahi du; ekimen hori 2006an sortu zen Bartzelonan, eta 2021ean Balear Uharteetara eta Madrilera zabaldu zen.

Sare berriaren antolakuntzatik ohar batean nabarmendu zutenez, gaur egun, Apropak, 190 kultur programatzailetik gora, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiago eta 54 bat udalerri biltzen ditu, “kulturak pertsonak duintzen dituela sinistuz, kulturarako sarbidea bazterketarik gabe bermatu behar dela uste dutelako”. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak kulturara hurbiltzea ahalbidetzeaz gain, Gertu Kulturak bere egiten du “hezkuntzarekiko konpromisoa”, programatzaileen eta elkarteen artean “zubiak eraikitzeko”, “urte osoan irisgarritasunari eta aniztasunari buruzko lantaldeak eta prestakuntzak antolatuz”.

Kultura-programatzaileei aholkularitza ematea izango da beste lan-ildoetako bat, eta horrela, gizarte-erakundeek artatzen dituzten kolektiboen “oztopo eta behar sozialak” zein diren jakiteko aukera zabalduko da: besteak beste, adimen-desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasun mentala dutenak, autismoaren espektroko nahasmendua dutenak, mendekotasunen bat dutenak edota askatasunik gabeko egoeran daudenak.

Inaugurazio egunerako bi solasaldi antolatu zituzten, lehena ‘Kultura: konpromisoa, eraldaketa eta eragin soziala’ izenekoa; parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Mònica Campos Kataluniako Antzoki Nazionaleko zuzendari exekutiboa, Ainhoa Bernabe Eusko Jaurlaritzako Museoen Zentrokoa, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendaria eta Nagore Lopategui Escallada Emaús Fundazioko zuzendaria.

Bigarrenean, “Mugarik gabe: eskubideak, irisgarritasuna eta parte-hartze kulturala” izenburuarekin, besteak beste, Caritas Gipuzkoaren Miriam egitasmoko Fatima Otegi, Matia Fundazioko Ainhoa Arrillaga, Bagarako María Nogués, eta Arrats Elkarteko Hestia eta Irteerak eguneko zentroetako Iñigo Jimenez eta Iosu Ugarte Amutxategi izan ziren.