Azaroaren 2tik 23ra bitartean, Euskal Antzerki Topaketaren 41. edizioa burutuko da Azpeitian. Antzerkia eta euskara uztartzen dituen egitasmoak hainbat antzezlanez disfrutatzeko aukera ezin hobea emango die Azpeitira hurbiltzen direnei. Saioak Soreasun, Dinamoan eta Azpeitiko kaleetan izango dira. Antzerki talde tradizionalek presentzia nabarmena izango dute, ohi den bezala, baina aipagarria da ere aurten eskola antzerkiari eman zaion garrantzia.  

Goaz irekiko du antzezpenen egitaraua. Debako taldeak Salbe, publikoa antzezlana taularatuko du Dinamoan azaroak 2an. Artedramak emango dio jarraipena egitarauari Hondamendia lanarekin Soreasu Antzokian azaroak 3an. Hurrengo protagonistak Zestoako Antzerki Eskolako ikasleak izango dira. Eromen Produkzioaren bitartez Higa taularatuko dute Soreasu Antzokian azaroak 5ean. Azaroak 9an Giltxikako taldeak forma emango dio Identitateak obrari Dinamoan eta 10ean Pez Limboren Itsas behera obrarekin gozatzeko aukera egongo da Soreasu Antzokian.

Kale antzerkiak ere presentzia izango du Euskal Antzerki Topaketan. Kamikaz Kolektiboak Troia antzezlana gauzatuko du Soreasu plazan azaroak 11n. Programarekin jarraituz, Ados Teatroak beste behin bisitatuko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketa. Garbi Losadak zuzentzen duen taldeak Lagun beltz asko lana antzeztuko du Soreasu Antzokian azaroak 12an. Les Bobe Bobe elkarteak (H)ondoko gela burutuko du Dinamoan azaroak 16an eta helduek eta umeek Mar-Mar Teatroak Arrainak bihotzean lanaz disfrutatzeko aukera izango dute Soreasu Antzokian azaroak 18an. Topaketaren bukaera azaroak 23an helduko da Badon Soreasu Antzokian egingo den aurre estrenaldiarekin. 

Eskola Antzerkia

Eskola Antzerkiari lotutako lau jardunaldi izango dira. Azaroak 13an Errezilgo San Martin Herri Eskolako eta Azpeitiko Gaztetxoen Antzerki Taldeko kideen txanda izango da. Azpeitiko Gaztetxoen Antzerki Taldeak beste saio bat eskainiko du 14an eta 15ean Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxeko ikasleek urtean zehar landutako lana antzeztuko dute. Azaroak 16an, berriz, Amezketako Zumadi Eskolako ikasleak izango dira protagonistak. Saio guztiak Soreasu Antzokian burutuko dira 11:00etan. Eidabe Antzerkiak bukaera emango dio Eskola Antzerkiari Soreasu Antzokian azaroak 17an interpretatuko duen Piztu! EmakumeOn Energia antzezlanarekin. 

Azkenengo urteetan erakusketa jarri du Corrado Masacci txotxongilo egileak, eta aurten ere hala egingo du. Azaroaren 1etik 15era egongo da ikusgai Betharram udal aretoan. Berrikuntza gisa, Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin ere elkarlan bat abiatuko da, eta erakusketa bat eta txotxongiloak egiten ikasteko tailer bat antolatuko ditu zentroak. Tailerra doakoa izango da, baina izena eman beharko da aurrez. 

Egitaraua eta historia kontsultatzeko aukera dago www.topaketak.eus webgunean. Ataria erabili ahal izango da sarrerak erosteko ere (helduek, 10 euro;haurrek 5 euro). Internet bidez ez ezik, Soreasu Antzokian eta Sanagustin Kulturgunean ere egongo dira salgai. 

Euskal Antzerki Topaketen 41. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak irabazi du.