Urritik abendura bitartean hamar film proiektatuko ditu Tabakaleran eta Gasteizko Artium Museoan, Euskadiko Filmategiak Euskal Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioari ekingo baitio aste honetan. Bilboko Arte Ederren Museoan egin ohi ziren proiekzioak bertan behera geratuko dira aldi baterako, Bizkaiko pinakotekako berritze-lanak direla eta.

70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zinemaren historiaren errepaso horrekin beraien “talentua eta lanak” nabarmendu nahi dira. Egileek eurek aurkeztuko dituzte proiektuak ia emanaldi guztietan.

Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren Arnasa betean (2023) lanarekin hasiko da programazioa. Hain zuzen ere, “emakumeek egindako zinemaren iraganari eta orainari buruzko ikuspegi panoramikoa” eskainitako dokumentala da.

Halaber, El sueño de la sultana (2023) animaziozko filma ere ikusgai izango da; Isabel Hergueraren lehen film luzea Donostiako zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzetik dator eta euskal zinemaren Irizar Saria eskuratu du. 

Matrioskas. Las niñas de la guerra filmak (Helena Bengoetxea, 2021) gerrako neskatila izan ziren emakume batzuen erretratu “sakona eta bizia” erakusten du; eta Estela Ilárraz, berriz Próxima estación (2007) lanarekin, Madrilen etorkizun hobe baten bila dabilen Ekuadorreko komunitatera hurbilduko zaigu. 

Bestalde, Jone Karresek Alardearen seme-alabak eskainiko du (Eneko Olasagastirekin batera zuzendua) “Hondarribiko eta Irungo jaietan oraindik ere mantentzen den berdintasunaren aldeko borrokan fokua jarriz”.

My Way Out filmak (Izaskun Arandia, 2022) Londresera eramango du ikuslea, dokumentalaren izen bereko aretoaren 30. urteurrena ospatzeko. Hiriko trans komunitateak “babesa jaso eta askatasunez adierazteko” aukera izan zuen lokal esanguratsu horretan.

Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lana erakutsiko digute Azken Bidaia lanarekin (2011); eta Pelota II-n (2015) Olatz González de Abrisketa zinemagile eta antropologoak (Jorgen Leth daniarrarekin batera) pilota partidetako material aukeraketa izango dute hizpide nagusi.

Euskal emakumezko zinemagileak III saila amaitzeko, Irrintziaren oihartzunak filma (Iratxe Fresneda, 2016) proiektatuko da, Mirentxu Loyarte euskal zinemaren aitzindariaren irudia aldarrikatuz. Bestalde, Leire Apellanizek El último verano (2016) filmean udako zinemetako azken abenturazaleetako bat azalduko digu.

Bueltan da Nosferatu zikloa

Nosferatu Zinema beltz frantsesa zikloa, berriz, bihar abiatuko da Tabakaleran, Henri Verneuil-ek zuzendu eta Jean-Paul Belmondo protagonista duen El cuerpo de mi enemigo (1976) filmaren proiekzioarekin, Donostia Kulturatik jakinarazi dutenez.

Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Tabakaleraren eta Valentziako Generalitateko Institut Valencià de Cultura-Filmotecaren laguntzarekin antolatutako zikloaren hirugarren eta azken hiruhilekoan, urtarrilean hasi zen eta XX. mendearen hasieratik 1984ra arte Frantziako zinema beltzera hurbiltzen gaituen Polar atzera begirakoaren beste hamar film proiektatuko dira.

Sarrerak hilero jarriko dira salgai Tabakaleraren webgunean, aurreko hilaren 15etik aurrera. Zikloarekin batera, bi liburu ere argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta euskaraz bestea. Lehena, El polar francés 1931-1982, Nosferatu Bildumako 19. alea eta Antonio José Navarrok koordinatua, joan den apirilean argitaratu zen. Bigarrena, Polar frantziarra, Iñigo Marzabalek koordinatu du, Nosferatu Bildumaren 11. alea izango da eta udazken honetan argitaratuko egingo da.

Hirugarren hiruhileko honetako programazioa honako film hauekin osatuko dute: Policía Python 357 (urriak 11), El dossier 51 (urriak 25), Mort d'un pourri (azaroak 1), Serie negra (azaroak 8), Les Chiens (azaroak 17), El derecho a matar (azaroak 22), Le Professionnel (azaroak 29), Coup de torchon (abenduak 6), eta Canicule (abenduak 13).