Datorren irailaren 29tik urriaren 1era, Zarauzko Adarretatik musika jaialdiaren 6. edizioa ospatuko da. Gaur asteazkenarekin aurkeztu dute, programazio “askotarikoarekin”. Betiko legez, gaurko eta atzoko musikaren ordezkariak izango dira bertan, munduko txoko ezberdinetatik etorritakoak. Mikel Unzurrunzaga antolatzaileak adierazi duenez, aurten bada berritasun azpimarragarri bat, jaialdiak Musika plazako agertokia berreskuratuko baitu. Espazio hori, orain dela sei urteko lehenengo edizioan erabili zuten lehen aldiz eta, oraingoan, berriro programatu dituzte kontzertuak gune esanguratsu horretan. Agertoki horretaz harago, iaz “kontsolidatu zen” Munoa plazako gunea ere mantenduko dute. Hartara, proposamenak Zarauzko erdigunean bilduko dira, herritarrentzat erosoagoa izan dadin.

Zortzi taldek osatuko dute aurtengo edizioa, hiruna egun bakoitzeko. “Gure helburua ez da edizioz edizio jaialdia handiagoa izatea, urtez urte gauza berriak, ez hain berriak, hemengo eta hango gauza interesgarriak eskaintzea baizik”, esan du Unzurrunzagak. Izan ere, Adarretatik jaialdiaren “filosofia” nazioarteko eta Euskal Herriko musikak biltzea baita. Aurten, esate baterako, Andaluziako bi proposamen ekarrizko dituzte. Lehen egunean, Munoa plazan, Alba Blanco abeslariak gidatzen duen La Perra Blanco trío “interesgarria” arituko da, 23.15ean, 50. hamarkadako rock and roll eta rockabilly estiloetan jarduten duen proposamen iaioa. “Esango nuke, Estatu mailan eta baita Europan ere, musika estilo hauen erakusle nagusiena dela”, aipatu du Unzurrunzagak. Urriaren 1ean, aldiz, eta jaialdia bukatzeko, Andaluziatik etorritako beste proposamen bat: agertoki berean Antonio Lizana trio formatuan arituko da. Cádizen sortutako Lizana, ospe handiko musikaria da gaur egungo jazz-flamenkoaren ingurumarian.

Irekierari dagokionez, Musika plazan izango da, 19.30ean, Euskal Herriko eta Kubako musikariak batzen dituen La Jodedera egitasmoaren eskutik. Gonbidatu “berezi” Rafa Villafaña izango dute, aspaldidanik Zarautzen bizi den Dominikar Errepublikako musikaria. “Zarautzen izugarri maite dugu”, aitortu du Unzurrunzagak. Kontzertu horren ostean, Munoa plazara egingo du jauzi jaialdiak. Han jardungo du Nakar-ek, postpunk eta elektronika ilunez beteriko proiektua da, “gaurko egunez Euskal Herrian dugun talde emergente horietako bat”. Jone Laspiur abeslari eta aktore donostiarrak jartzen dio ahotsa taldeari, eta berarekin arituko dira Xalba Ramirez, Andoni Olaetxea eta Jokin Azpiazu. “Oso talde indartsua da. Freskoa eta berria”, dio programatzaileak. Eguna ixteko, aurrez aipatutako La Perra Blanco hirukoteak joko du.

Hurrengo egunean, hilaren 30ean, Euskal Herriko beste talde batekin hasiko dira eguneko saioak. Arrasatetik Zarauzko Musika plazara egingo du bidaia, “oso soinu atsegineko” Erromintxela proiektuak. Iragan mendeko lehen hamarkadetan arrakasta izan zuen gipsy-swing musika egiten du euskaraz, Jon Garcia, Iñigo Zubizarreta, Jokin Vitoria, Aitor Moreno eta Mikel Maniega musikariek osatutako taldeak.

“Aurten protagonismo berezia emango diegu jamaikar doinuei”, dio Unzurrunzagak. Bezperako ibilbideari eutsiz, eguneko lehen kontzertuaren ondoren, bigarrena, berriro ere Munoa plazan izango da. Dub, sound system eta reggae musika egiten arituko da Argizulo (Mikel Alveiro eta Ladis Rivas) kolektiboa, eta horiekin batera ahotsetan Beñaranks (Iker Beñaran) eta Eira (Eider Elorza) donostiarrak. Sustatzailean iritziz, laukote horrek giroa majo “berotuko” omen du, segidan iritsiko den proposamenari harrera ezin hobea egiteko. Bigarren eguneko kartelari, Bilboko Akatz ska eta rocksteady talde beteranoak -30 urte daramatza agertokiz agertoki- emango dio itxiera.

Adarretatik jaialdiak, urriaren 1erako, kontzertu baten ordez, dantza saioa antolatu du eguerdi parterako, Donosti Lindy Hop taldearen eskutik. Dj Mr. Patxik girotuko du ekitaldi parte-hartzaile hori. Azkenik, 18.00etan, aurrez aipatu bezala, Antonio Lizanaren hirukoteak agurtuko du aurtengo edizioa.