ZETAK Jazzaldian izango da gaur, Zurriolan, jaialdiko agertoki ezagunenean.
Gogoz eta ilusioz gaude. Askotan izan naiz ni han kontzertu bat edo beste ikusten eta, egia da, ni neu orain taula gainera igotzea gauza ederra izango dela.
Ohikoa izaten da hori euskal musikarietan: Zurriolako agertokian entzule izan eta, gerora, bertan ikuskizuna eskaini.
Euskal Herriko agertoki gehienetan izan naiz, eta hau falta zitzaidan (barre egiten du). Gauza polita da eta sinbolikoki ere badu bere garrantzia.
Zer prestatu duzue kontzerturako?
Kontzertuaren testuingurua berezia da. Azken batean, Jazzaldian kokatzen da eta ez dakit intrusismoaz hitz egin beharko genukeen ala ez (barreak). Egia da urtero izaten direla jazzetik at kokatzen diren proiektuentzako txokoak. Testuingurua berezi den horretan, printzipioz, ez dugu gure proposamena eraldatzeko inongo asmorik. ZETAKen proposamena musika elektroniko dantzagarria da eta, beraz, abestu eta dantzatzeko kontzertu herrikoi gisa planteatuko dugu.
Festa izango da, orduan.
Hori espero dugu.
Katalanez argitaratu duzuen azken 'single'-ak, ‘Pa amb Oli i Sal’ abestiak, lekua izango al du kontzertuan?
Bai, noski. Azken garaian Katalunia aldean kontzertu asko ematen ari gara, agian, Euskal Herrian baino gehiago. Hori ere bada ZETAKen zati garrantzitsu bat, hizkuntzekiko sentsibilitate berezia dugula, ez bakarrik euskararekiko, baita asko deitzen gaituzten beste zonaldeetako hizkuntzekiko ere.
Ohikoan ZETAKek elektronika euskaraz egiten du. Kataluniarekin konexio hau bultzatzea ere gauza ederra da.
Dena euskaraz abesten dugun honetan, Katalunia eta Valentzian jasotzen ari garen harrera bezalakorik ez genuen espero. Egia da, aurten, hamabost bat kontzertu atera zaizkigula zonalde horretan eta hor hasi zen abestitxo bat katalanez eskaintzeko ideia. Pa amb Oli i Sal aspaldi maite dudan abestia da eta bertsioa egiten hasi nintzen. Gehiagora joan da eta, azkenean, hori plazaratzeko autua egin genuen. Horrek ere kristoren sorpresa eta bultzada ekarri digu, jada egin ditugun kontzertuetan gauza oso ederrak bizitzen ari baikara.
Hortik etorriko zen Suu-rekin bertsio honetan egin duzuen kolaborazioa, ezta?
Denbora bada artista horrekin erlazioa dudala eta beti nahi izan dugu elkarrekin zerbait egin. Aukera ezin hobea zen. Bertsioa estudioan sortu nuen nik eta bidali egin nion, entzun zezan. Gustatu zitzaion eta Bartzelonara joan nintzen berarekin ahotsak grabatzera. Pa amb Oli i Salen jatorrizko abestia Blaumutena bazen ere, uste dut Suu-ren ahotsa erabiltzeak bazuela zentzua.
Bada ZETAKen ezaugarrietako bat, musikaren bidez kulturak uztartu nahi izatea.
Gure lantaldean asko erabiltzen dugun ideia da, kontuz ibili behar dugula behin eta berriz gauza berak ez errepikatzeko, erredundantzian erortzeko tentazioak alboratuz. Kasu honetan, artista katalan batengana jo dugu, zeinek publiko oso gaztea mugitzen duen, ZETAKen zaleekin alderatua oso ezberdinak. Suu-k katalanez abesten du, bere konposizioak organikoagoak dira... Azken finean, uste dut horrek ematen diola interesa proiektuari.
Zentzu berean, Erramun Martikorenarekin iaz ‘Itzulera’ kaleratu zenuten.
Erramun Ipar euskal herritarra da; ni, Hegoaldekoa. Berak musika mota bat jorratu du bere ibilbidean, nik beste bat. Bizipen batzuk ditu berak, nik beste batzuk. Adin bat dauka berak, ni gazteagoa naiz. Egia da hain desberdinak diren gauzak uztartzeak lana dakarrela, ez da hain erraza, lekua eta puntua aurkitu behar zaizkio, baina lana ondo egiten bada proiektua interesgarria izan liteke. Eta horixe da, Erramunekin gertatu bezala, Suu-rekin ere gertatu dena.
Erramun Martikorena eta Suu-ren kolaborazioez harago, Bomba Estéreorekin ere ‘Zoriontasuna’ sortu zenuten. Hiru hauek, banan-banan argitaratu dituzue, 'single' formatuan eta sareetan. Diskoren batean jasotzeko asmorik ba al duzue?
Galdera kuriosoa da hori. Askotan gertatzen da, gaur egun, single-ak botatzen joan eta gero horiek disko batean jasotzeko erabakia hartzea. Kasu honetan, ez dut uste zentzu askorik duenik. Zeinen ederra izango den (2020) argitaratu osteko grabazioak dira. Hiru kolaborazio horiek disko bat eta beste disko baten arteko pieza solteak baino ez dira izango. Nahikoa disko kontzeptuala egitea pentsatu dugu, denbora asko daramat horretan lanean, eta ez dugu beharrik diskoa, moduren batean edo bestean, beste abesti batzuekin osatzeko.
Sareetan eta ‘streaming’ plataformetan asko mugitzen da ZETAK. Badirudi gaur egungo musikan horrek pisu handiagoa duela disko fisikoek baino.
Diskoak objektu bezala argitaratzeak zentzua galdu du. Egia da, melomanoak garenontzat diskoak baino gehiago, biniloak erosteak, baduela balio bat; gauza ederra dela sinetsita nago. Digitalizazioaren kontu honek zerbait oso interesgarria ekarri du. Lehen disko fisikoa ateratzeko beharra zegoen: hamar edo hamabost abesti bildu eta fabrikara bidali. Orain, jada, ez dago behar hori, jendeak normalizatu egin du bi astetan behin edo single bat ateratzea. Horregatik, uste dut, edo esperantza hori daukat behintzat, talderen batek disko bat argitaratu nahi duenean, benetan, kontzeptu baten aldeko apustua egin behar duela. Hau da, hamar abestiko bilduma bat osatu nahi baldin badute, guztiak josiko dituen zentzu edo ideia bat pentsatu beharko dute, kontzeptuan lanketa bultzatuz. Hori gauza ederra izan daiteke, eta artistak horretan baldin bagaude, fisikoaren galera ere aberasgarria izan litekeela uste dut.
Zuen hurrengo lanaren inguruan besterik aurreratu dezakezu?
Uste dut aurreko erantzunarekin behar baino gehiago aurreratu dudala (barreak).