Euskaltzaindiak hiztegia sarean eguneratu du eta 646 forma berri sartu ditu azken sei hilabeteetan (295 sarrera eta 351 sarrera), eta, aldi berean, 1.130 forma egokitu edo osatu ditu (938 sarrera eta 192 subsarrera).

Azken eguneraketa horretan erantsi diren forma batzuk hauek dira: joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, mikromatxismo, euskara gaizto, dudegon, egia berdezta, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko, indukzio edo afariketan.

"Forma berriak landu dira, bai, baina batez ere lehendik zegoen informazioa ikusarazi da: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa ikusi dugu" eta "adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari buruzkoak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea...", azaldu du Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak.

Egungo beharretara egokitutako hiztegia

Gainera, "gogoratu behar da otsailean Akademiak hobekuntzak egin zituela hiztegian: alde batetik, bilatzaile berri bat garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; aukera gehiago ditu nahi den hitza aurkitzeko, eta, beraz, askoz ere zehatzagoa da".

"Forma berriak sartzea bezain garrantzitsua da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk berrantolatzea egungo erabileren arabera, esamoldeak eta hitz elkartuak adibideen ataletik ateratzea eta zatitzea eta esaldiei atal berezi bat eskaintzea", azaldu du Urkiak.

"Baliteke zifretan ez nabaritzea, baina lan handia egin da hiztegia argiagoa, erabiltzeko errazagoa eta egungo beharretara egokitua izan dadin", esan du akademikoak.