Donostia – Etxepare Institutuak eta Zineuskadik sustatutako Kimuak egitasmoak euskal ekoizpena nazioarteko jaialdietan zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film laburrek osatuko dute katalogoa, eta zazpi horietako lau emakumeek eginak.

Ekimen horren 26. deialdian aurkeztutako 60 proposamenen artean aukeratu dituzte film labur horiek, Etxepare Institutuak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

2006an La gallina ciega filmagatik Goya sarietarako izendapena lortu zuen Isabel Herguera errealizadorearen La mujer ilustrada, eta 2022an Gidoi Egokitu Onenaren Akademiaren saria jaso zuen David Pérez Sañudoren El rey de la semana, dira aukeratutako film laburretako bi.

Glitering Misfits (2019) bere lehen film luzearekin Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia lortu zuen Iban del Camporen Sorbetza; behin El Peso eta Txango filmen ondoren Tamara Lucarinik egindako hirugarren film laburra, Prioridades; eta El aprendiz, Raúl Camposen estreinako lana ere ikusgai izango dira hainbat nazioarteko lehiaketetan.

2023ko zerrenda osatuz, Nitya Lópezek idatzi eta zuzendutako Deadly Draw, eta Zinemaldiko Zinemira sailean saritutako Gure Oroitzapenak film kolektiboan parte hartu zuen Itziar Leemansen Ximinoa.

Zineuskadik eta Etxeparek adi- tzera eman zutenez, honako hauek izan dira hautaketa batzordeko kideak: Baionako Cinema L ‘Atalanteko zuzendari ondokoa eta Rencontres sur les Docks jaialdiaren antolatzailea, Simon Blondeau; Nafarroako Gobernuko ikus-entzunezko proiektu estrategiko eta digitalen arduraduna, Ana Herrera; Bilboko FAS zineklubeko presidentea, Txaro Landa; Bogotako Bogoshorts Film Laburren Jaialdiko zuzendaria, Jaime Manrique, eta Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzailea, Alberto Valverde.