Joan Mari Irigoien idazle “elegante, dotore eta klasikoa” zendu da asteazken honetan Donostiako Ospitalean, 74 urte zituela. Hamarkada bat pasa da altzatarrak alboko esklerosi primarioa zuela iragarri zuenetik; gaitzak eguneroko jarduna oztopatu eta apurka-apurka ahalmenak mugatu zizkion. Mugimendua eta hizkera baldartu zizkion arren, idazteko grinik ez zion kendu. Izan ere, iazko udaberrian, Sorgin-argien ehizan poema-liburua kaleratu baitzuen bere ohiko argitaletxearekin, Elkarrekin. Bere azken nobela, berriz, 2018an iritsi zen liburu-dendetara, Derbia. Azken denboraldi honetan eutanasiaren aldeko jarrera defendatu izan du.

Altzako idazlea nobelagintzan, poesian eta haur literaturan jardundakoa da. Hark sinatutakoak dira, besteak beste, Babilonia, Poliedroaren hostoak eta Oilarraren promesak. Azken horrekin eskuratu zuen 1976. urtean Kritikaren Saria, euskarazko narratibaren alorrean.

Industri ingeniaritzako ikasketak burutu eta Real Sociedadeko jokalari ere izan bazen ere, letretan topatu zuen bere bizitzako pasioa. Literaturaz gain, itzultzaile eta telebista saioetarako testuen moldatzaile lanak ere egin zituen, eta 1996an euskaltzain urgazle izendapena jaso zuen.

1973. urtean argitaratutako Oilarraren promesa izan zen bere lehen nobela. Handik bi urtera poesiara jauzi egin zuen Hutsatik esperantzara bildumarekin. 1982. urtean, Poliedroaren hostoak eleberriarekin Azkue Saria irabazi zuen. Hamarkada horren amaieran iritsi zen altzatarraren nobelarik esanguratsuena, Babilonia deituriko baserri batean girotutako bi anai bizkiren arteko tirabirak kontatuz. Babiloniarekin Euskadi Literatura Saria eta Espainiako Kritika Sari nazionala, biak bereganatu zituen. Gerora etorri ziren Consummatum est (1993), helduentzako umorezko literaturari keinu egiten dion Kalamidadeen liburua (1996), Lur bat haratago (2000), Orbetarrak izenburupean bildutako trilogia (2008-2010) eta Ur arreak, ur garbiak (2011), besteak beste.

Irigoien, “nobelista handia”

Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editoreak oso hurbiletik ezagutu zuen Irigoien. “Euskal Kulturarentzat galera handia izan da”, esan dio egunkari honi. 35 urtez Elkarren buruz buru lan egin ondoren, pertsonalki “kolpe handia” izan dela gaineratu du. Irigoienen gaitzak haren heriotza hurbil zegoela adierazita ere, “tristuratik” ezin ihes egin.

Altzako idazlea “Nobelista handia” izan dela deskribatu du editoreak. Horren eredu da, bere ibilbide “oparoan” ondu zituen eleberrietako asko, Babilonia edo Lur bat haratago, esaterako, “jende askoren buruan” daudela. Haren euskara “freskoa” eta idazkera “elegante, dotore eta klasikoa”, nobela “biziak eta gertakariz beteak” idazteko erabiltzen zituen. “Sakonean beti antzematen zen taupadaka nolabaiteko humanismo bat, denborak aurrera egin ahala espiritualismora jo zuena”, azaldu du Mendigurenek, eta gogora ekarri du Irigoienek hizpide izan zituela askotan “gizakien eta bereziki euskaldunon barruko gatazkak”.

Eguneroko tratuan “oso pertsona ona” izan zela dio Elkarreko editoreak, “sakonki ona” eta “bihotz onekoa”, besteei buruz inoiz ezer txarrik esaten ez duen horietakoa. Pertsona “alaia” eta adeitsua zen. Elkarreko bulegoak bisitatzen zituenean mahai batetik bestera ibiltzen zen, topatzen zituen guztiak agurtuz, gogoratu du Mendigurenek: “Guztientzat zuen beti hitz goxoren bat”.