XXI. mendeko euskal musika jaialdiei begirada “kritikoa” bota die Jon Urzelai gipuzkoar fisikarial, soziologoak, musika kazetariak eta kultur eragileak eztabaida “hauspotzeko” asmoarekin. Su festak izeneko saiakera liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearen bitartez, eta gaur, asteazkenarekin, Donostiako Liburutegi Nagusian aurkeztu du Leire Lopez editorearekin batera.

Urzelaik BBK Festibala, Basque Fest, Bay of Biscay Festival, Baga biga higa sentikaria, EHZ, Ibaiertzean eta beste hamaika topaketa aztertu ditu, ez ordea modu “deskriptiboan”, “ikuspegi kritiko batetik” baizik. “Jaialdiei begira jarri da, eta hortik abiatuta argazkia zabaldu egiten du Euskal Herriko azken urteetako kultur politiketan arreta jartzeko, eta musika jaialdiek egungo Euskal Herrian zer esangura duten aztertzeko”, azaldu du Lopezek.

Bost ataletan banatuta, musika jaialdiak zer nolakoak diren eta egungo gizartean zer eragin duten esploratu du, mundu mailako erreferentzietatik hasi eta tokian tokiko esperientzietaraino. Zentzu horretan, Woodstocken tankerako jaialdien hasierako “bulkada transgresore eta urratzailea” gaur egun “zertan geratu ote den” galdetu du. Erantzuna berehala etorri da: “transgresioaren antzerki moduko bat” bihurtu da bulkada hura.

Eskala txikiagora ekarrita, bere garaian musikak “euskaltasun berriaren” eraikuntzan lagundu zuen prozesutik urrun, gaur egun, hainbat musika festibalek “euskaltasun folkloriko bat” eskaintzen dute, basque-tasun antzeztu bat, exotikotasunaren bila datorren turistarentzat egina”, azaldu du Lopezek; segidan gaineratu du, jakina, oraindik badirela gauzak beste modu batean egiten dituzten festibalak, aretoak, mugimenduak eta taldeak.

Jarraian, Urzelaik berak hartu du hitza. Su festak ez zen “modu kontzientean” sortu, “harridurari” erantzun ahal izateko “bulkadaren” ondorioz etorri baitzen liburua. Festibalak gure aisian oso ohikoak diren arren, ez da egun horien eragina aztertzen duen “taxuzko” ikerketarik, ez erdaretan, ezta euskaraz ere. Hutsune horri aurre egin nahi izan dio, bilakaera historikoa ulertzen saiatuz, kontzertu horiek “euskaltasuna eraikitzeko” garaian zer nolako papera betetzen duten ulertzen saiatuz, eta “hiri garaikideen” forma nola baldintzatzen duten ikertuz.

Aitzitik, gogora ekarri du, komunikabideek tarte zabalak eskaintzen dizkietela halakoei, festibalak behin igarota “gurean kontzertuek utzi dituzten milioika euroak goratzen dira”. Halakoek, ordea, ez zuten autorea behar bezala “asetzen”, bestelako irakurketa bat “beharrezkoa zela” iruditzen zitzaiolako. “Izan banituen zantzu, irudipen eta usteetatik tira egin, eta afera ganoraz aztertzeko egitekoa jarri nion neure buruari. Konturatzerako liburu baterako lain banuela jabetu nintzen”, azaldu du. Urzelaik ez du musika azterketa erdigunean jarri, arreta nagusia bestelako faktoretan jarri baitu.

Esate baterako, musika jaialdiez ari garenean kapitalismoaren enborrak zein adar dituen atzeman du. Hiri eta nazio markez, turistifikazioaz, folklorizazioaz, gentrifikazioaz, monopolioez, festen pribatizazioaz eta festibaletako langileen baldintza makurrez ere aritu da Urzelai. “Auzi gehiegi aukeran, baina denak banan bana aztertzea iruditu zait onena, orokortasun batean txertatuz”, esan du adituak.