'Pilotalekuak. Hutsunea eraikiz' izena duen erakusketa aurkeztu zuten atzo Donostian izandako prentsaurrekoan, eta herri zein hirietan “aurretik zegoen arkitektura egokitu eta integratzetik, bere propioa izatera” pasa ziren espazio horien bilakaera isla-tzen du, EAIk ohar batean azpimarratu duenez.

Erakusketa “paretarik ere ez zeukaten pilotasoroetatik” abiatzen da, “euskal kulturaren eta arkitekturaren ikono” diren gaur egungo frontoietaraino hedatuz.

Planoak, bideoak, argazkiak, maketak, antzinako postalak eta mendeetan zehar modalitate desberdinetan erabilitako tresnen bilduma ederra baliatuz, askotariko tipologia arkitektonikoa duen ibilbidea eskaintzen zaio ikusleari, “pilota plazetatik” hasi’ eta erreboteko paretetarainokoa, “betiere, elementu komun eta iraunkor bakarra, jokoa bera hartzeko eraikitzen duten hutsunea delarik”.

Kirol horren “aztarna ahaztezinen adibide bitxi ugari daude”, esate baterako, Guardiako (Araba), Otxandioko (Bizkaia), Aizarnako (Gipuzkoa), Urroz-Villako (Nafarroa) eta Sarako (Lapurdi) “pilota plazak”.

Erakusketa baten bitartez garai guztietako frontoien adibideak bildu dituzte.

Baina jokoa bera eraldatu ahala, horma “ezinbesteko ikono bihurtu zen”; horma independente horiek, “pilota-jokorako plazen garapen eraikitzailearen mugarri eta osagai bereizgarri izan ziren. Fenomeno hori Euskal Herrian gertatu zen estreinakoz, eta oso modu apartekoan”. “Lehen frontoiak geroago sortuko ziren, eta tipologia horren ezinbesteko elementu-tzat izaten zuten frontisa, zoladura eta alboko pareta –hasiera batean eskuinean zein ezkerrean egoten zena–”, EAIko arduradunek azaldu zutenez.

Erakusketaren azken zatia, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran sekulako “boom”-a izan zuen frontoi modernoari buruzkoa da. Ikaragarrizko indarra hartu zuenez, Euskal Herriko mugak gainditu eta Espainiako beste leku batzuetara iritsi zen, baita atzerrira ere, Miamira, esate baterako, hantxe baitzegoen munduko pilotalekurik handienetako bat.

Daniel Carballo arkitekto doktore eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak izan du erakusketa antolatzearen ardura, eta urriaren 1era arte egongo da ikusgai.