Suro, A los libros y a las mujeres canto, Cinco lobitos, Maixabel eta Cuerdas euskal filmak Nantesko Zinema Espainiarraren Jaialdiko sail ezberdinetan lehiatuko dira. Ostegunetik apirilaren 2ra bitartean, Euskadin ekoitzitako beste hamaika film ere proiektatuko dira.

Guztira hamar film luze izango dira, Kimuak 2022 bildumako sei film laburrez gain; tartean, bere estreinako 20.000 especies de abejas lan luzearekin Berlinalen txalo zaparrada jaso eta joan den astean Malagan Urrezko Biznaga irabazi berri duen Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas. Honekin Forqué saria irabazi zuen Urresolak, eta Goya sarietarako ere izendatu zuten; film labur onenaren saria lortzeko lehiatuko da.

Film hauek Etxepare Institutuaren eskutik iritsiko dira Frantziako lehiaketara, azken urteotan bultzatu duen Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloan, "Euskal Herritik kanpo ikus daitekeen euskal zinemaren programaziorik zabalenetako bat", Irene Larrazak zuzentzen duen erakundeak ohar batean jakinarazi duenez.

Mikel Gurrearen Suro, Fikziozko Film Onenaren kategorian lehiatuko da, aurtengo Goya sarietarako bi izendapen lortu ondoren eta azken Zinemaldiko Sail Ofizialean izan eta gero.

Cinco lobitos, Alauda Ruiz de Azuaren opera prima arrakastatsua, Premiers Film saileko Saria eskuratzen saiatuko da. Marian Elorzaren A los libros y a las mujeres canto lana berriz, Dokumental Onenaren Saria eskuratzen ahaleginduko da.

Icíar Bollainen Maixabel filma aurten ere Fenêtre Basque-n izango da. Maixabel Lasa ETAko biktimaren bizipenetan oinarritutako filmak Fikziozko Film Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituen iazko Nantesko Zinemaldian. Aurten Compétition Scolaires (Eskola Lehiaketa) sailean izango da.

Nanteseko aurtengo edizioan ikus ahal izango dira, halaber, Ana Díezen A quien cierra los ojos; Imanol Uriberen Llegaron de noche; Jabi Elortegiren El vasco komedia; Iratxe Fresnedaren Tetuán dokumental intimista; eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza eta Black is Beltza II: Ainhoa animaziozko filmak.

Kimuak 2022ko gainerako film laburrak honako hauek dira: Maider Fernandezen Fe; Ainhoa Olaso eta Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Maider Oleagaren Irrits eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa, eta Frantziako lehiaketara hurbiltzen diren zinemazaleek izango dute horiek guztiak ikusteko beta.