Azpeitian ospatuko den Bertso Egunerako txartelak bertsosarrerak.eus atarian eskuragai jarri dituzte. Urtarrilaren 28an bertso bazkariak izango dira herriko hainbat elkartetan eta afaria ere bai gaueko saioaren aurretik.

Bertsozale Elkartea egun osoko plana ari da antolatzen: 11.30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14.30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan.

Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da horietako bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoa edota bertso saio musikatua.

Arratsaldean poteoa izango da berriro ere, eta 21.00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan.

Bertso bazkariei dagokionez, bost izango dira aldi berean elkarte banatan. Esan bezala, elkarte bakoitzean mota ezberdineko saioa eskainiko da.

Tartean, hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira; bestean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bertso saio musikatu bat ere izango da, eta han ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izango dute Gari Otamendik eta Ixak Arrutik. Ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bosgarren bertso bazkarian. Azken bi saioetan ariko dira gai jartzen Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro.

Elikagunean afaldu eta afalostean ere izango da bertso saiorik. Eñaut Martikorena eta aurtengo Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko irabazle Maialen Lujanbio ariko dira librean; gaiak jarrita, aldiz, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi. Gai jartzen ariko dira Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix.