Luisa Carnés 1905ean jaio zen Madrilen, eta 1964. urtean Mexikon hil zen, erbestean, auto istripu baten ondorioz. Eleberrigilea –Tea rooms: Mujeres obreras (1934) da bere nobelarik ezagunena– eta kazetaria izan zen –kontatzeko moduan ere nabari zaio–; bere jardun literarioa, ordea, eten egin zuen Gerra Zibilak. 1939. urtean faxistek boterea guztiz hartu zutenean, Atlantikoa gurutzatu behar izan zuen. Hain zuzen ere, soinean zeraman larruzko diru-zorroan gorde zituen bere ipuin batzuen originalak, mekanografiaturik eta eskuz zuzenduta.

27. belaunaldiko idazlea izan zen Luisa Carnés, literaturaren historiak ahaztu egin bazuen ere. 2017an Hoja de Lata argitaletxeak Estatu mailan eta gaztelaniaz haren obra berreskuratzeari ekin zion, Trece cuentos (1931-1963) ipuin bilduma argitaratuta. Orain, Uxue Razquin Olazaran editorearen eta Danele Sarriugarte itzultzailearen eskutik, Ereinek liburuki hura euskarara ekarri du.

Amaren eskutik ezagutu nuen Carnés, berak esan zidan hainbat liburu argitaratuak zituela eta ipuin horiekin hasi nintzen. Gaztelaniaz irakurri eta bikainak iruditu zitzaizkidan, zoragarriak. Gaztelaniaz irakurri nuenean, euskaraz imajinatu nuen haren ahotsa, eta Ereinen sartu ahala hartu nuen lehenengo erabakia Carnésen ahotsa euskaraz irakurtzen ahaleginduko nintzela izan zen, eta oso argi nuen, Danelek itzultzea nahi nuela”, esan du Razquinek.

Aurkeztu dituzten hamahiru ipuinak “errealismo sozial handikoak” dira, kontakizun jostari edo arinetik dramaraino mugitzen direnak, beti ere emakume protagonista indartsuak dituztelarik. Carnések langile-klasean ere jarri zuen begirada, kolektibo hori ondo baino hobeto ezagutzen baitzuen. Kronologikoki lau ataletan sailkatuta daude kontakizunak: Errepublika garaian idatzitakoak; Gerra Zibilean eta gerraostean lekututakoak; Mexikori buruzkoak eta nazioartean pil-pilean zeuden gaiei buruzkoak.

“Narratzaile bikaina da. Egiten dituen deskribapenak zoratzeko modukoak dira”, nabarmendu du editoreak. Iritzi berekoa da Sarriugarte bera ere, eta itzultzerakoan “erronka nagusiena” idazleak deskribatutako “giroa, estiloa eta tonua” harrapatzea izan dela aitortu du. “Ipuinak hainbat hamarkadatan idatzitakoak dira eta tonuak elkarrengandik oso bestelakoak”, azaldu du itzultzaileak. Adibidez, lehen narrazioa, 1931an idatzitako Tranbia, “oso dibertigarria” da, baina gero badaude Gerra Zibilean edo Frankismoan girotutako beste zenbait “gogorragoak” direnak. “Ipuin jostariak ditu, baita salaketa-politikoa nabarmenagoa den ipuin-kronikak ere, eta beste ipuin batzuetan pertsonaien garapena sakonagoa da”, esan du Sarriugartek.

Azkenik, Carnésen “irudi indartsuak” sortzeko kapazitatea azpimarratu du Sarriugartek, baita ipuinak elkarrizketetan oinarritzeko ahalmena eta draman umorea txertatzeko abilidadea ere. Horien guztien ereduak topa daitezke Ereinek argitaratutako bilduman.