Zer da Jon Plazaolarentzat galtzaile bat?

Eredu bat (barre egiten du). Askotan badirudi irabazleak hartu behar ditugula eredutzat, baina niretzat, batez ere pertsonaia bat egiterako orduan, galtzaileak askoz interesgarriagoak dira, beti daudelako zerbaiten bila, gainditu behar dituzten oztopoei nola aurre egin pentsatzen ari direlako; fikziorako, eta bizitza errealerako ere, eredugarriagoak dira galtzaileak etengabe irakaspenak hartzen dituztelako, printzipioz erosoago dauden beste horiek baino.

'Losers' antzerki-lanean, nolakoak dira Aitziber Garmendiak eta zuk antzezten dituzuen galtzaile horiek?

Ez dira galtzaile direnen kontziente, hasiera batean behintzat; gerora, bai. Amaiera aldera eman nahi dugun mezua zera da, galtzaileak bagarela baina harro gaudela galtzaile izateaz.

Galtzaile sentitu al da inoiz Jon Plazaola?

Bai, etengabe eta sentituko naiz aurrerantzean ere (barre egiten du). Gurea bezalako lanbide batean, behin eta berriz ezezkoak jasotzera ohitu egiten gara, eta horregatik ezinbestekoa zaigu mentalki indartsuak izatea, konfiantza izatea bakoitzak bere buruarengan eta baita inguratzen gaituzten pertsonengan ere. Konfiantza horrekin eraiki behar du norberak bere pertsonalitatea. Guretzako sarritan frustrantea da ezezkoak jasotzea, baina beharrezkoa eta nahitaezkoa ere bada umiltasuna mantentzeko eta gauzak garbi izateko.

Bi protagonistak krisi baten erdian bizi dira.

Bai, orain hain famatua den 40 urtetako krisialdian daude. Gainera horretan ere, Atziber eta biok pare-parean gaude. Nik 40 urte bete ditut aurten eta berak ere aurten beteko ditu, urte amaieran; 39 horiei eutsi egiten die oraindik (barreak). Antzezlanak 40 urteko krisi hori hartzen du abiapuntutzat. 40 urte betetzeak badu horrelako gauza bat, 20 eta 30eko hamarkadetan gauzak intentsitatearekin betetzen dira, eta pertsona bakoitzarengan desberdina bada ere, 40 urterekin horrelako heldutasun bat iristen da eta egin ez dituzun horien inguruko hausnarketa hasten da. Guk eman nahi dugun mezua garbia da: inoiz ez da berandu bizitzari zukua ateratzeko.

Zuk krisia pasa duzu ala ez zaizu oraindik iritsi?

(Barreak). Ez dakit zer erantzun. Azken batean, adina, NANean agertzen den jaiotza urteari lotuta dagoen zenbaki bat besterik ez da. Norberarengan dago bizitza nola biziko duzun, zer intentsitaterekin biziko duzun aukeratzea. Alde horretatik, nahiko disfrutoia naizenez, ez zait horrelakorik iritsi. Ikusi egin behar ea iristen zaigun ala ez.

Krisiez ari garela, umoreak bizi al du krisirik?

Bai, noski. Gauza guztiek bezala krisiak bizi izan ditu, baina nire ustez denborak badu berezkoa den zerbait, krisialdi horiek gainditu eta horiei buelta emateko; krisialdi horiei etekina atera eta umore bihurtzeko. Umoreak baditu iturri batzuk, hasiera batean barrea eragiteko baliagarri ez direla ematen dutenak, baina azkenean, izaten dira, bai. Dramatik bertatik umore ugari atera daiteke. Denbora pasatakoan, drama batetik ere atera daiteke umorea. Zerbait txarra gertatzen denean, beti esan izan da: noizbait barre egingo dugu honen inguruan. Beraz, komediak baditu bere krisi propioari gailentzeko baliabideak.

'Losers' zerbait izatekotan, komedia da.

Noski. Oso ondo pasatzeko funtzioa da, bai publikoarentzat, baita oholtzaren gainean gaudenontzat ere. Gozamena da. Ia-ia hiru urteko ibilbideari amaiera emango diogu laster, eta esan behar dut hiru urte oso politak izan direla.

Aitziber Garmendiarekin oholtza gainean gustura izango zara.

Beti diogu guretzako jolas-ordua dela. Agertokian zurekin dagoen pertsonarekin horrelako harremana izatea berebizikoa da, publikoari gauzak transmititzerako orduan, beste modu batean iristen zaielako. Aitziber eta biok begiratze hutsarekin ulertzen dugu elkar; oso ondo ezagutzen gara, zorionez oholtzatik jaitsitakoan lagunak garelako. Gure armarik nagusienetakoa dela iruditzen zaigu.