Datorren irailaren 2an Dragoi Bola-ren film berri bat estreinatuko da Estatuko zinemetan. Dragoi Bola euskaraz ikusten hazi zirenak, aldiz, ezin pozik egon, oraingoan Gohan, Goku, Vegeta, Trunks eta Satan Txiki ez direlako euskaraz mintzatuko.

2013. urtean Goku eta enparauen abenturak zinemara itzuli zirenetik –Japonian telesail originala emateari 1996. urtean utzi zioten–, Toei Animation konpainiak lau film luze arrakastatsu estreinatu ditu pantaila handian. Horietatik hiruk euskarazko bikoizketa izan dute Zineuskadiren eskutik: Dragoi Bola Z: Jainkoen Bataila (2013), Dragoi Bola Z: F Berpiztua (2015) eta Dragoi Bola Super: Broly (2019).

Oraingoan, ordea, Tetsuro Kodamak zuzendutako Dragon Ball Super: Super Hero filmak ez du euskarazko bertsiorik izango, bai ordea gaztelaniaz eta katalanez. Zineuskadiren esanetan, ohiko prozeduran banatzaileak eskatuta bikoizten dira pelikulak. 

Orain arteko filmak Selecta Visión enpresak banatu zituen, horixe baita historikoki Estatu mailan Dragoi Bola-ren eskubideak kudeatu dituen banatzailea. Super Hero film berria, ordea, beste enpresa batek eramango du zinema aretoetara: animean espezializatuta dagoen Crunchyroll-ek streaming plataformak estreinatuko baitu zinemetan –Netflixen antzeko plataforma da–. Zineuskaditik jakinarazi dutenez, Crunchyroll-ek ez du pelikula euskaratzerik eskatu. Gipuzkoan, oraingoz, gaztelaniazko bertsioa Donostiako Garbera luxuzko zine aretoetan, Usurbileko Urbilen eta Irungo OCine aretoetan eskainiko dute irailaren 2tik aurrera.

Euskararen sustatzaile

ETBk 1989ko urriaren 4an eman zuen Dragoi Bola telesailaren euskarazko lehen atala. Arrakasta itzela lortu zuen gazte jendearen artean, eta ez hori bakarrik, ukaezina baita euskara nabarmen sustatu zuela adin tarte horretan. Lehen itzulpenen arduraduna Xabier Amuriza bertsolaria izan zen, bikoizketari maila dotorea ezarriz. Gurariak betetzen zituzten zazpi dragoi bolen bila abiatutako Goku txikiaren istorioa kontatzen zuen telesaila Akira Toriyamak sortu zuen; aurrez komiki eran kaleratua, eta txinatar tradiziotik eratorritako Mendebaldera bidaia elezaharraren moldaketa izanik.

Pelikula berria sortzerako garaian –Estatu Batuetan eta Japonian, ikusle datuei erreparatu ezkero, lehen postuan egon da orain gutxira arte–, Toei Animationek lehen aldiz erabili du CGI teknologia, hau da, animazioa ordenagailu bidez sortu dute 3D testurarekin. Azken hamar urteetan estreinatutako hiru filmekin alderatuta badago beste ezberdintasun bat: oraingoan, Goku eta Vegeta bigarren mailako pertsonaiak izango baitira. Aitzitik, Toriyama berak idatzitako bilbearen protagonista nagusia Son Gohan izango da. Eta etsaiei erreparatuz, autoreak Goku txikia zeneko Zapi Gorridun Armada berreskuratu du. Haien kontrolpeko bi androideei aurre egin beharko diete Dragoi Bola-ko heroiek. Tamalez, oraingoan, ez dugu "Kamehameha!” oihurik entzungo.