Martin eta Xabier Etxeberria anaiek Iñaki Arenas marrazkilariarekin sortu duten Broken eye lana komikia da, dudarik gabe, baina atlasetik ere asko du: sortzaileak gipuzkoarrak dira, Scout Comics argitaletxeak New Yorken ditu bulegoak, eta istorioa, aldiz, Liverpoolen –“Irlandatik kanpoko hiri irlandarrik handiena”– girotua dago 1970. urtean. Generoari dagokionez, fantastikotik datozen zantzuak badituen arren, oraingoan beltzean murgildu dira Xabier eta Martin Etxeberria gidoilariak, eta asmatu duten bilbean IRA talde armatuak ere badu tokirik. Anaien bigarren komikia da –lehenengoa Buyan izan zen, Aritz Trueba marrazkilariarekin; aurki, gainera, haiek idatzitako Artxipelagoa fikzio-podcasta binetetara eramango dute Alex Sanvicente Sanvi ilustratzailearekin batera–; Arenasentzat, aldiz, bere lehen lan profesionala izan da. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkarira hurbildu dira hirurak, lau zenbaki dituen obra honi buruz hitz egiteko.

Buyanekin gertatu zitzaien bezala, Estatuan argitaratu baino, errazagoa izan zaie lana atzerrian kaleratzea. Estatu Batuetako San Diegoko Comic Con-ean –Frantziako Angouleme-koarekin batera, mundu mailan dagoen komiki batzar garrantzitsuenetakoa da– euren lehen komikia aurkezten ari zirela, Scout Comics argitaletxe independenteko profesionalak aurrez ezagutu eta lan berriaren dosierra bidali zieten. Astebetera jaso zuten erantzuna; Scoutek Broken eye argitaratu nahi zuen.

Familkiatik datorkio Iñakiri ilustraziorako sena. Osaba du Jon Mikel Udakiola, 7 korapilo komikiaren sortzailea eta animazioaren munduan eskarmentu handikoa; haren bitartez izan zuten Xabierrek eta Martinek Iñakiren berri. Haren portfolioa arakatu ostean –"Pasada bat iruditu zitzaigun"–, 2020ko martxoan kontaktuan jarri eta elkarlana proposatu zioten. Arenasek aurretik ere bazuen komikiak sortzeko nahia. Arte Ederretako gradu amaierako lana egiterakoan komiki bat egitea aukeratu zuen eta, gerora, arrakasta handirik gabe argitaratzen saiatu zen. Bederatzigarren artearen sektorea ez baita batere erraza, Xabierrek eta Martinek ederki dakitenez: behin eta berriz saiatu behar, ez dago besterik. “Gozamena izan da Iñakirekin lan egitea”, azaldu dute.

Iragana urdina da

“The past is blue” esaerari egin nahi izan diote keinu. Ingelesez bi esanahi dituen aipua da, blue horrek, aldi berean, urdina eta tristea esan nahi dituelako. Séamusek, istorioaren protagonistak, eskuin begia urraturik dauka, aurpegia orbain batek zeharkatzen diolarik. Baina begi horrek badu berezitasun bat, edozein objektu uki-tzean Séamusek iragana ikusi dezakeelako. Flashback horiek urdinez tindatu ditu Iñakik.

Zantzu fantastikoak izan arren, narrazio beltzaren garrantzia azpimarratzen dute egileek. Kontakizunaren hasieran krimen baten berri izango du Séamusek, eta bere burua horretan nahasirik ikusi nahi ez arren, bere “boterea” berebizikoa izango da krimena argitzeko bidean.

Historiak ere badu, noski, garrantzia kontakizunean. 1970. hamarkadan girotu dute trama, IRAren berrantolaketa garaian. Ez dute talde armatuari buruzko komiki bat egin nahi izan, baina testuingurua garrantzitsua da, protagonistaren familiak Irlandarekin duen konexioa tarteko. Thriller-ari ondo egokitzen zaion garaia dela iruditzen zaie. “Esango genuke komikiak gehiago daukala nobela beltzetik fantastikotik baino, baina badu bere ukitua, bai”.

Iñakik, bere aldetik, burua majo astindu behar izan du 1970eko Liverpool hura imajinatzeko: “Horixe kosta zait gehien. Egungoarekin ez baitu zerikusirik”, dio marrazkilariak. Interneten kalitate urriko zuri-beltzeko argazkiak soilik topatzen zituenez, erreferentziazko eraikinak marraztea erabaki zuen, elizaren bat, portua eta Kilmainham Gaol gartzela, In the Name of the Father filmak sona eman ziona. “Beste gauza batzuetarako lizentzia batzuk hartu behar izan nituen. Liverpoolek garai horretan zuen itxura transmititu nahi izan dut: adreiluzko eraikin laranjak, kaleak zikin, klima...”, esan du.

"Liverpoolek garai horretan zuen itxura transmititu nahi izan dut: adreiluzko eraikin laranjak, kaleak zikin, klima..."

Iñaki Arenas - 'Broken eye' komikiaren ilustratzailea

Tradizio estatubatuarra

Broken eyek Estatu Batuetako komiki tradizioaren ezaugarri guztiak biltzen ditu. Buyan ere Estatu Batuetan argitaratu zuten, baina Insight Comics-en eskutik kaleratutakoa, nobela grafikoaren formatuan eman zuten argitara. “Hau berezia izan da, esperientzia desberdina izan delako”, diote gidoilariek. Broken eye lau issue-tan argitaratua dago, hau da, grapaz jositako 24 orrialde inguruko lau aletan. Urte amaierarako, Scout-ek liburuki integrala kaleratuko du: “Hango merkatuan zer harrera izango duen jakin zain gaude”.

Komikiaren gidoia idazterako garaian Etxeberriatarrek, “nahikoa lotuta” uzten dute bineten disposizioa. Hasiera batean, marrazkilariak hurbiletik jarraitzen zituen idazleen argibideak, eta aurrera egin ahala “askeago” sentitzen joan zen.

Lana hirurek sinatu badute ere, laugarren baten papera ere goraipatu nahi izan dute: Andrea Molinari Scout Comics-eko editorea. Molinari, editore onenek egin ohi duten moduan, sortzaileen gainean izan da prozesu guztia jarraituz eta beharrezko aldaketa guztiak proposatuz, bai hizkuntza aldetik –komikia ingelesez argitaratu da– baita eszenei dagokionean ere. “Atal bat marraztez bukatutakoan Andreari bidaltzen genion, eta aldaketak gorriz itzultzen zizkigun”, azaldu du Iñakik. Halako iruzkinak “eskertzen direla” diote, sarritan “egileek perspektiba galtzeko arriskua dagoelako”.

“Argitaletxea estatubatuarra izanda, komikiari estilo estatubatuarra ematen saiatu dira. Nik, adibidez, ez dut binetetan onomatopeiak sartzeko ohiturarik; editoreek, ordea, sartzeko eskatu ziguten”

Iñaki Arenas - 'Broken eye' komikiaren ilustratzailea

Molinariren proposamenetako bat izan zen, esate baterako, off-ean agertzen diren ahotsen identifikaziorako kode kromatiko bat ezartzea. Iñakik azaldu digunez, bunbuiloetako zenbait elkarrizketak ez datoz bat binetako eszenarekin, hizlaria kanpo gera-tzen delako. Superheroien komikien tradizioari jarraiki, bunbuiloak pertsonaia bakoitzarekin erlazionaturiko kolore batekin margo-tzeko proposamena egin zuen editoreak; Iñaki, ordea, kontra-proposamen batekin joan zitzaion Molinariri: bubuilo osoa koloreztatu beharrean, ertz bat bakarrik margotuko zuen. “Argitaletxea estatubatuarra izanda, komikiari estilo estatubatuarra ematen saiatu dira. Nik, adibidez, ez dut binetetan onomatopeiak sartzeko ohiturarik; editoreek, ordea, sartzeko eskatu ziguten”, dio marrazkilariak.