Donostia – Euskal musikaren eta autoreen historia The History of Basque Music liburuan ingelesez bildu dute. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak parte hartu zuen atzo Renoko Nevadako Unibertsitatean 1967an sortutako Euskal Ikasketen Zentroak (CBS) argitaratutako liburuaren aurkezpenean. Izenburu horrekin egindako bigarren edizioa da.

Donostiako San Telmo Museoan egindako aurkezpenean Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoa ere izan zen, bai eta Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria ere. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, “euskal musika, Euskal Herrian sortu edo bizitakoa da, baita euskal musikariek gure mugetatik kanpo sortutakoa ere, diasporan sortutako musika barne”.

Nabarmendu zutenez, “euskal musikari eta musikariei buruz ugari ikertu izan da; Arabako eta Nafarroako euskal musikaren historia sakon aztertu, eta opera edo monodia liturgikoa bezalako musika generoei buruzko saiakerak ere argitaratu badira ere, orain arte ez genuen eskura begirada panoramikoa duen euskal musikaren historiari buruzko liburuki akademikorik”.

Liburu horretan ikuspegi kronologikotik aztertzen da euskal musika XIX. mendera arte. Tradizio klasikoko korronteak eta konposizioko azken joerak hartzen ditu, euskal musikan jardundako emakumeari buruzko kapituluak, jazzaren eta herri musikaren historia laburrak ere gehituz.

Bibliografian iturri esanguratsuenen aukeraketa eskaintzen da, eta euskal musikaren garai desberdinetako audio-artxibo adierazgarrienak biltzen dituen fonografia batekin amaitzen da liburukia.

“Liburu honen balioa apartekoa da”, azpimarratu zuten. Ingelesez argitaratzen den euskal musikaren historiari buruzko lehena da, Musikenek euskaraz zein gaztelaniaz ere argitaratuko duena, eta euskal musikaren historia aztertzeko “erreferente akademikoa”.

Ingelesezko bertsioa CBS Pressek argitaratu du Musikenerekin elkarlanean. Liburuaren editorea Josu Okiñena da, Musikeneko irakasle, iker-tzaile, musikari eta pianista entzute-tsua. Proiektua behar bezala osatu ahal izateko, aditu talde bat hautatu zuen Okiñenak.