Emma Kunzen Unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin solasean erakusketa itxi da Tabakaleran. Ia bost hilabetez 20.000 bisitarik ikusi dute, eta zero eta sei urte bitarteko haurrentzako Situ-akzioak erakusketa interaktiboak udan ere zabalik jarraituko du.

Txikienek familiarekin batera esperimentatzeko aukera zabalik izango dute abuztuaren 28ra arte, "zentzumenak aktibatu, eta artea ikasi eta gozatzeko". Horretarako, Kunzen lana eta metodologia hartzen ditu abiapuntutzat proposamen horrek, irudi geometrikoak sortu baitzituen, simetria kaleidoskopikokoak, sendagarri izateko helburuarekin.

Pendulu bat, zurezko listoi bat, iparrorratz bat eta taula txiki bat erabiliz Kunzek paper koadrikulatuan egiten zituen marrazki horietan oinarrituta, ia 20 bat artistek hartu dute parte erakusketan, berariaz horretarako sortutako lanekin, besteak beste, Nora Aurrekoetxea Etxebarria bilbotarrak, Miriam Isasi Arce gasteiztarrak eta Diego Matxinbarrena donostiarrak.

Behin erakusketa hori amaituta, Espainian Kunzen lanari eskainitako lehena, Vive le cinéma! eta Gerundi circular erakusketak izango dira ikusgai datozen hilabeteetan Tabakaleran, bai eta Carlos Casasen soinu-instalazio bat ere, eraikinaren eskailera nagusian.

Uztailaren 9tik aurrera zabalik izango den Vive le cinéma! erakusketan, pantailaren bi dimentsioen ordez, hiru dimentsioko erakusketa-espazioaren potentziala aztertuko duen lan bat egingo dute nazioarteko lau zinemagilek.

"Pantailaren mugak esploratzera" gonbidatutako zuzendariak honako hauek dira: Zinemaldiko Urrezko Maskorraren bi irabazle, Dea Kulumbegashvili eta Isaki Lacuesta -bi bider irabazle izandakoa-, baita Jeremiah Lemohang Mosese eta Jia Zhang-ke ere, Zinemaldiarekin eta Amsterdameko Eye Filmmuseum-ekin duen elkarlanetik sortutako erakusketa, Tabakalerak abenduan iragarri zuenez.

Bestalde, irailaren 13tik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean, Claudia Pagès artistak (Bartzelona, 1990) 2021ean sortutako Gerundi circular bideo-instalazioa egongo da Lau Pareta aretoan; "munduko itsas ibilbideak, hizkera juridikoa eta egungo kapitalismoaren adierazgarri diren salgaien eta pertsonen fluxu nekaezinean" oinarritutakoa.

"360°ko bukle jarraituan grabatu da pieza, eta hiru performerren keinuak eta eskuz idatzitako testuen geruzak uztartzen ditu bideo eta musika sekuentzietan", azaldu zuten Tabakaleratik. l