Elkar fundazioak bere egoitza nagusiko ateak irekiko ditu, 50. urteurrenarekin. Adunako eraikina egun jakin batean izango da irisgarria herritarrentzat, baina urtean zehar eragile politiko, sozial eta kulturalei ere luzatuko zaie gonbita, lan espazioaz gain, taldearen “historia eta, batez ere, etorkizunerako egitasmoa” ezagutu dezaten.

Halaxe jakinarazi du astelehen goizean Mikel Esnalek, Elkar Taldeko zuzendari-kudeatzaileak, Adunako eraikinean eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek eta Elkar Argitaletxeko zuzendari Olatz Osak ere hitz egin dute, bost hamarkada hauetako ibilbidea gogoratu eta azpimarratu dutelarik.

Bisitez gain, beste hainbat ekitaldi ere aurreikusi ditu fundazioak urteurrena ospatzeko. Hala nola, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) batera antolatu du jardunaldi bat datorren ekainaren 29an Donostiako San Telmo Museoan, UEUk ere 50 urte betetzen dituela baliatuz. Euskal Curriculuma izango da eztabaidagaia; 15 urte badira ekimena diseinatu zela, eta ibilitako bidea aztertu eta gero, “euskal gizartean izandako aldaketa kontuan hartuta, gaur egungo gizarteari zenbateraino erantzuten dion” ere hausnartuko dute.

Elkar 1972an eratu zen, eta Sorsek “sorrera bikoitza” izan zela aipatu zuen. Batetik, Hegoaldean gauzatu zena, Joseba, Goio eta Jon Jaka anaiek ikastolentzako lehen testuak argitaratzea erabaki zutenean, Gordailu taldearekin batera. Bestetik, Iparraldean suertatu zena, Baionan Elkar argitaletxea eta Zabal liburu-denda martxan jarri zirenean.

Urteak pasa ahala, proiektua handitzen joan zen; 1996an fundazio izatera pasa zen Elkar, eta egun, bost zigilu ezberdinek osatzen duten argitaletxea da. Bere baitan biltzen ditu Elkar bera, Ttarttalo, Txertoa, Sua eta Ikaselkar; azken hori, hezkuntza saileko edukiak garatzera bideratutakoa.

Katalogoari dagokionez, biziak 4.000 liburu eta 800 disko ditu eskura eta, historikoki, 8.000 liburu eta 2.000 disko argitaratu ditu. Izan ere, urtero, bataz beste, 190 titulu berri plazaratzen baitituzte. Eta argitaletxearen helburua “euskal hizkuntza eta Euskal Herriko herri-nortasuna, garatzen duten ildoak” jorratzea bada ere, Estatuan eginiko lanak eta bestelakoak ere banatzen dituzte.

Etorkizunari begira, argi daukate liburu banaketaren sektoreak azken urteetan jasandako “aldaketa handia” kontuan hartu eta egokitzea izango dela gakoa, eta horregatik bideratu duten euren lan apustua “atomizaziotik kontzentraziorantz”, eta “prozesu horren Estatuko traktoreetako bat” bilakatu direla azpimarratu nahi izan zuten.

Erronka horri begira zabaldu dute Elkarren Adunako egoitza nagusi berria, ekintzak zentralizatzeko helburuarekin. Hasiera batean, Usurbilen kokatutako Michelinen fabrika izandako eraikinean egiteko asmoa zuten, baina pandemiak eta kostu ekonomikoak atzera bota zuten egitasmo hura. Azkenean, Unipaperren eraikina aukeratu zuten; orubeak 30.000 metro karratu ditu eta 12 milioi euroko inbertsioa behar izan du.

Bertan errotu dituzte, 15.000 metroko biltegiaz gain, argitaletxeetako bulegoak, administraritza, sail komertziala, giza baliabideak, bai eta call-centerra ere.