Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak 2022-2023 epealdian euskararen presentzia arlo digitalean areagotzea helburu duen elkarlana aurkeztu dute gaur goizean. Proiektu honek eremu sozioekonomikoa nahiz arlo pertsonala lantzea aurreikusten du.

Aurkezpenean Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Iñaki Goirizelaiak, PuntuEUS Fundazioko lehendakariak, parte hartu dute. Elkarlan honetako lehen urtean, 2022an, Jaurlaritzak 50.000 euroko ekarpena egingo du ekintza guztiak aurrera eraman ahal izateko.

Planak helburu duen eremu sozioekonomikoari dagokionez, enpresetan .eus domeinua indartzea eta konpainia hauek inguru digitalean euskararen erabilera areagotzea da ildoa. Horretarako, lau esparrutan banatuko dira entitateak; hala nola, Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin "harreman zuzena" duten erakunde pribatuak, enpresa elkargoak eta euren bazkideak, merkataritza eta ostalaritza eta enpresa txiki eta ertainak.

Lau kategoria horietako erakunde eta konpainien domeinuak aztertu ondoren, .eus txertatzeko aukera eta eremu digitalean euskara gehiago isla dezaten garatu beharreko estrategia zehaztuko dira. Enpresak erakarri eta haien eraldaketa errazteko asmoz, trebakuntza saioak eta laguntza teknikoa eskainiko zaizkie. Besteak beste, PuntuEUS Fundazioak .eus domeinua doan ezarriko die, baita webgunea automatikoki itzultzeko plugin edo erremintaplugin ere.

Arlo pertsonalean, berriz, helburu nagusia gailu elektronikoak edota nabigatzaileak euskaratzea da. Egoeraren azterketa egin ostean, hainbat komunikazio ekintza jorratuko dira euskarazko konfigurazioa erabiltzaileen aukera nagusia izan dadin.

Hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatzea "ezinbestekoa" dela baieztatu du aurkezpenean Zupiriak. Egoera hori eskaintzarekin lotuta egonik eta, "euskarazko eduki digitalak handitzea" komeni bada ere, "euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea" da sailburuak "ezinbestekoa" deritzona.

Kontsumo hori areagotzeko ibilbidean, ".eus-en erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen", Goirizelaiaren esanetan. Eta baieztapen hori islatzen duen datua erraztu du. Izan ere, 2017. urtean, Euskal Herriko webguneen %16k omen zeukan edukiren bat euskaraz, eta %1,3a zen euskara hutsean; .eus domeinuaren kasuan, berriz, webguneen %84a omen zegoen hizkuntza honetan.