Marrazki liluragarrien egilea izandakoak, mma Kunz suitzarra, inoiz ez zuen bere burua artistatzat jo, eta bizi zen bitartean ez zituen marrazki horiek erakutsi. Baina, azken 50 urteotan, haren garaikidetasunak sortzaile berri-tzaileenak erakarri izan ditu, 1973an bere herrialdeko Aargauer Kuntsthaus museoak erakusketa eskaini zionetik.

Bere lanaren zati bat, haren ondarea osatzen duten 50 bat marrazkiren arteko 40, lehenengo aldiz ikus ahal izango dira Estatuan, Donostiako Tabakalera zentroan. Kunzek sendatzeko erabiltzen zituen irudi kaleidoskopikoetan inspiratutako, hemen bertako eta nazioarteko artisten piezekin solasean jarduteko sortutako proiektua antolatu da.

Emma Kunzen unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin solasean izenburua duen erakusketa ekainaren 19ra arte egongo da zabalik, eta komisario lanak Yasmin Afschar arte historialari eta Zurichen bizi den idazle irandarrak egin ditu.

Kunz (1892-1963) outsider gisa iritsi zen artearen mundura, eta berak "etorkizuneko belaunaldien-tzat" eginak zirela zioen marrazki horiek, Kasselgo Documentan, Veneziako Biurtekoan eta Londresko Serpentine Galleryn izan dira ikusgai, hura hil ondoren.

Beraz, bete-betean sartu da artearen munduan sortzaile gisa, arte-jardunaren oso ikuspegi zabala iradokiz. Naturopatian egin zuen lana "giza espirituaren bizitza eta izaera gidatzen duten arauei buruzko etengabeko ikerketa oso pertsonala izan baitzen", atzo komisarioak erakusketaren aurkezpenean azaldu zuenez.

"Ikerketa horiek oso geometria zorrotzeko marrazkietan gauzatu zituen, estetikatik haratago doan esanahiaz blai. Haren iruditerian, kolore eta forma bakoitzak esanahi zehatza zuen, eta marrazkiak baliatzen zituen hautemandako energien erritmoa eta jarraibideak esploratzeko", gaineratu zuen.

Kunzek pendulu batekin, zurezko listoi batekin, iparrorra-tzarekin eta ohol txiki batekin paper koadrikulatuan egiten zituen marrazki horietan oinarrituta, beste 20 bat artistak hartu dute parte, solaserako proposamena bailitzan antolatutako erakusketa honetarako propio sortutako artelanekin; tartean dira, besteak beste, Nora Aurrekoetxea Etxebarria bilbotarra, Miriam Isasi Arce gasteiztarra eta Diego Matxinbarrena donostiarra.

Kunzekin solasean jarduteko erronka onartu duten artisten zerrenda luzean daude, baita ere, Mai-Thu Perret suitzarra, Goshka Macuga eta Agnieszka Brzeaska poloniarrak eta Shana Moulton estatubatuarra, Rivane Neuenschwanders brasildarra eta Dora Budor kroaziarra, besteak beste.

Milena Dieckman estilista alemaniarrarekin elkarlanean, ile luzapenekin egindako Diva eskultura aurkeztu zuen Aurrekoetxeak, "izan ere, material honek, batik bat emakumeen kasuan, esperientziak eta emozioak transmititzen baititu". "Kasu honetan, txirikorda, familia-keinutzat ulertzen da, zain-tza-keinu gisa; eta, aldi berean, hari bat laguntza-egitura ere bihur daiteke", azaldu zuen artistak.

Miriam Isasiren Viscum album lana, inguratzen duen naturarekin artistak sortzen dituen elkarrizketen emaitza da. "Alkimiari eta transformazioari lotutako metalak erabiliz, adibidez urrea, zilarra eta brontzea, babesaren sinboloa den mihura itxurako eskultura sortu du Isasik erakusketarako".

Matxinbarrenak, berriz, forma geometrikoak "ia atzekoz aurrera" erabili ditu, mundu errealari heldu eta "kanpoko kaosa ordena-tzeko". Bere hitzetan, erakusketan ipini dituen bost marrazkiak modu espazialean interpreta daitezke, "kanpo aldeko leku eta eszena jakin batzuk iradokiz, barne munduarekin harmonian irudikatzen dituzten kolorezko forma eta marra bailiran".