DONOSTIA - UPV/EHUk "Komikiak aztertzeko gida bat" lana argitaratu du. Komiki-formako gida bat da, eta, sarreran, komikien azterketarekin lotutako alderdi nagusiak biltzen ditu. Besteak beste, komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa-metodoak, ikerketa-eremuak, tradizioak eta generoak azaltzen ditu.

Gida atzo aurkeztu zen, eta formatu ez berria erabiltzen du, Josean Morlesín proiektuaren koordinatzaileak azaldu zuenez. Ildo horretatik, honako hau nabarmendu zuen: “azken urteetan komiki moduan egindako ikerketa-lanen ekoizpen zabala egon da, eta ez dira arte-esparrutik soilik etorri”. “Komikia ikerketa-eremu bat da orain, baina baita komunikazio-eremu bat ere”, azpimarratu zuen. Gida hau Oxfordeko Unibertsitateko Torch Ikerketa Zentroko (The Oxford Research Centre in the Humanities) Oxford Comics Network ikerketa-sareak argitaratu zuen ingelesez, eta Laida, Literatura eta Identitatea ikerketa-taldearen koordinaziopean argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak. Josean Morlesín Mellad, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta Laida Literatura e Identidad ikerketa-taldeko kidea, arduratu da marrazkiez. Liburua esparru akademikoko publiko batentzat da, baina baita komikiari buruz gehiago jakin nahi dutenentzat ere.