Hainbat zinema jaialdietako (Venezia, Berlin, Viena eta Cannesko) ordezkariek zinemaldien dimentsio espaziala eta hiriarekin duten harremana aztertuko dituzte, aste honetan zinema hizpide izango duen Euskadiko Mugak Arkitektura Bienalean egingo den topaketan.

Mugak bienaletik luzatutako oharrean jakinarazi denez, Zinemaldiak eta Elías Querejeta Eskolak (EQZE) antolatutako topaketa hori bihar egingo da, Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan. Parte hartzaileen artean izango dira, Mariette Rissenbeek Berlingo Zinemaldiko zuzendari exekutiboa; Eva Sangiorgi Viennaleko zuzendari artistikoa; Arianna Laurenzi Veneziako Zinemaldiko Proiektu Berezien zuzendaria; Paolo Moretti Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldiko ordezkari nagusia, hainbat arkitektoekin eta zinema ikasleekin batera.

Eztabaidaren ardatza zinema jaialdietako istorio urbanoak izango dira, krisi eta eraldaketa garaietara nola egokitu diren eta horien aurrean nola erantzun duten aztertzeko.

Aste honetan Mugak biurtekoak zinemari eskainiko dion programan kokatzen da topaketa, eta bertan izango da ikusgai, baita ere, Galernak Arkitektura Zinemaldiaren lehen edizioa, non Atlantikoko izenburupean, arkitekturaren eta zinemaren arteko elkarrizketa landuko den, Europako arkitekturako ikasleek egindako film laburren bitartez.

Proiekzioen ondoren, zinemari eta arkitekturari buruzko hitzaldiak proposatzen ditu zinemaldiak, nazioarteko hainbat esperientziatik abiatuta, hala nola Sirian zinema bat eraikitzea edota Kroaziako gerraren ondoren espazio publikoak birgaitzea.

Gai berarekin jarraituz, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak antolatutako Zinemaren arkitektura Donostian erakusketa ikusgai dago Arkitektura Institutuan, Donostian zinemari eskainitako espazioetan zehar ibilbide historiko bat.