- Blackie Books argitaletxeak urrian kaleratuko ditu ‘Miñan’ liburuaren gaztelerazko eta katalanezko bertsioak: Hermanito eta Germanet, hurrenez hurren. Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek lau eskutara idatzi duten eleberria dagoeneko italieraz, alemanez eta ingelesez irakur daiteke. Laster, danieraz eta galegoz ere bai. Euskaraz gain, gutxienez zazpi mintzaira ezagutuko ditu. “Beste hizkuntza batzuetara itzultzen denean beste geruza batzuetara iristen da”, dio Arzallusek.

Eleberria modu sinple baina poetikoan idatzita egoteagatik bereizten da. “Ibrahimaren hitz egiteko moduan dago magia puntu bat, nik harrapatu niona berari. Itzulpenetan ere mantendu egiten da”, dio Hendaiako bertsolariak. Hizkun-tza gehienetan ezin izan du zuzenketarik egin edo iritzirik eman; bai, ordea, gazteleraz. “Ander Izagirrek itzuli du oso modu finean, oso pozik gelditu naiz. Aldi berean iruditzen zait itzultzaile bakoitzak, hizkuntza diferentea den neurrian, bere askatasun puntua behar duela bere estiloa emateko”, dio Arzallusek, ingelesez ere estiloarekin asmatu dutela gaineratu aurretik.

“Istorio gogor zein ederra da, bere isladan denok aurkitzen gara”, deskribatzen du Jan Martík Blackie Books argitaletxeko editoreak Ibrahimaren hitz egiteko modu sakon eta era berean transparenteari buruz. “Batzuetan haur baten ahotik hitz egiten dabilela dirudien hitz egiteko modua da”, dio dagoeneko lagun duen Arzallusek.