mirarte

ElBulli jatetxearen aztarnari buruzko filmak zabalduko du Culinary Zinema

Zinemaldiaren sukaldaritzako sailak lau mundu-estreinaldi eta Estatu mailako bat eskainiko ditu

03.09.2021 | 00:37
Joxe Mari Aizega eta Jose Luis Rebordinos aurtengo Culinary Zinema sailaren aurkezpenean, atzo Basque Culinary Centerren.

donostia – Culinary Zinema, Zinemaldian zehar zinema eta gastronomia bateratzen dituen saila, bost film luzez osatuta egongo da aurten. Horietatik lau mundu-estreinaldiak izango dira eta Délicieux/Delicious fikziozko fima, berriz, lehendabizikoz emango da Estatu mailan.

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek atzo aurkeztu zituzten sailaren proiekzioak eta haiei dagozkien afari tematikoak, BCCn egingo direnak. Emanaldi eta afari horiek guztiak irailaren 20 eta 24 bitartean eskainiko dira eta sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai (70 euroren truke) esperientzia bikoitzerako. Filmetarako bakarrik balioko duten sarrerak irailaren 13tik aurrera jarriko dira salgai (7,90 euroren truke).

Las huellas de elBulli Ferran Adriàk zuzendutako jatetxeari buruzko filmaren mundu-estreinaldiak inauguratuko du irailaren 20an Culinary Zinema. Iñigo Ruiz eta José Larraza kazetariek gidatutako Movistar+ plataformaren jatorrizko dokumental honek Ferran Andriàren irudi poliedrikoa erakusten du, zeinak agerian uzten baitu duela hamar urte Girona probintzian zuzentzen zuen jatetxea itxi zuen sukaldari katalanaren ibilbideak zenbaterainoko eragina izan duen eta izaten jarraitzen duen, gastronomiaren munduan ez ezik, beste diziplina batzuetako sortzaileengan ere.

Proiekzioaren ostean, Ferran Adriáren jatetxe iraultzailean lan egin zuten hiru sukaldeburu ohiek prestatuko dute inaugurazio-afaria: Eugeni de Diego eta Albert Raurich sukaldari nagusi ohiak eta Luis Arrufat elBulliko gozogintzako lehengo buruak.

Hurrengo egunean, Zinemaldiak Franck Ribière eta Vérane Frédiani frantziarrek zuzendutako Reinventing Mirazur pelikularen mundu-estreinaldia eskainiko du. Mauro Colagreco sukaldari argentinarra deskribatzen du eta chefaren sukaldaritza naturako energiekin estuki lotuta dagoela transmititzen du. Mentonen (Frantzia) Mirazur jatetxearen arduraduna da Colagreco, eta ilargiaren faseetan funtsatutako menu harrigarri batekin konfinamendutik nola berpiztu zen kontatzen du filmak.

Bere aldetik, 2017an Culinary Zinema Michelin Stars-Tales from the Kitchen lanarekin inauguratu ondoren, Rasmus Dinesen, gastronomiari eta beste gai batzuei buruzko dokumentalen zuzendaria, telesail dokumental baten bigarren atalarekin itzuliko da Donostiara irailaren 22an. Oraingoan, Michelin Stars II, Nordic by Nature lanaren bidez, Danimarkako errealizadorea KOKSen sartuko da, Feroe uharteetako paraje natural batean kokaturiko jatetxe ospe-tsuan, hain zuzen, Ipar Atlantikoaren erdian.

Hurrengo egunean, The Pursuit of Perfection pelikularen txanda izango da. Hainbat film labur zuzendu ostean, Toshimichi Saitok lan honekin egin du debuta film luzeen zuzendaritzan. Filmak sukaldaritza japoniarra aztartzen du herrialde hartako gastronomiaren lau chef garrantzitsuenen begiradaren bidez: guztiek perfekzioa bilatzen dute, baina ikuspegi desberdinak dituzte eta baita kontrakoak ere.

Culinary Zinemaren aurtengo edizioari amaiera emateko, ostiralean, irailaren 24an, Estatu mailako estreinaldi bat eskainiko du Zinemaldiak. Délicieux/Delicious, Éric Besnard zinemagile frantziarraren filma, Frantziako Iraultzaren hasieran girotuta dago, eta noble batentzat lan egiten duen sukaldari batek bere lanbidearekiko zaletasuna galtzen duenean hasten da.

Besnard gidoilari eta Ca$h (2008), 600 kilos d'or pur (2010), eta beste hainbat filmen zuzendariak Grégory Gadebois eta Isabelle Carré aktoreak izan ditu, besteak beste, bere pelikula berria osatu duten artisten zerrendan; J'accuse (Roman Polanski, 2019) eta Marie Heurtin (Jean-Pierre Améris, 2014) filmetako antzezleak, hurrenez hurren.

Emanaldietako eta haiekin lotutako afarietarako sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai; filmetarako sarrerak aldiz, irailaren 13an

noticias de noticiasdegipuzkoa