Elkano Fundazioak ez du etenik duela 500 urte burutu zen lehen mundu biraren inguruko informazioa zabaltzeko lanetan. Jakina da hainbat ekimen antolatzen dituela horretarako, eta datozen egunetarako ere egitasmo berri bat du prest. Oraingoan, bederatzi egun iraungo dituen bidaia bat antolatu du, gertaera historiko horrekin lotura duten Euskal Herri osoko hainbat herritan barrena. Euskal Herri barneko mundubira bihar abiatuko da Getariatik, Elkanoren jaioterritik, eta hantxe bertan amaituko da irailaren 8an.

Ez da edonolako bidaia izango, izan ere, 720 kilometroko ibilbidea osatuko duen taldeak bizikletaz zeharkatuko baititu hainbat herri eta paraje, Euskal Herri itsastarra deskubritzeko helburuarekin.

Basquetour eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ekimen honek, Orbea eta Vaude etxeen laguntza izango du. Azken bi horien egitekoa izango da, egitasmoa gauzatu ahal izateko bizikletak eta gainerako ekipamendua jartzea.

Euskal Herri barneko mundubira gaur aurkeztu dute Getarian, eta bertan izan dira Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Daniel Solana, Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendaria; Ion Irurzun, Elkano Fundazioaren zuzendaria, eta bidaia honetako parte-hartzaileak: Ane Miren Miralles, Albaola elkartekoa; Iosu Iztueta euskal bidaiari eta abenturazalea; Garbiñe Mendizabal kirolaria; Ander Izagirre idazle eta kazetaria eta Naila Jornet kirolaria.

Partaideek iruditan jasoko dute ibilbide guztia, dibulgazio-dokumental bat ekoizteko helburuarekin; behin bidaia amaitu ondoren, ekimenaren emaitzen eta bertako itsas historiaren berri eskaini asmoz. Horrez gain, Ander Izagirrek bidaia-liburu batean jasoko du esperientzia, bidaiaren kronika eta kontakizun historikoa uztartuz.

BEDERATZI ETAPA

Euskaldunen presentzia oso nabarmena izan zen orain 500 urte Lurraren lehen itsas bira osatu zuen espedizio hartan. Ontzigile, bidaiaren antolatzaile eta marinel ugari hemengoak ziren, eta horrez gain, kontuan izan behar da Euskal Herriak esku-hartze garrantzitsua izan zuela itsas esplorazio-bidaien historian, garaiko potentziarik handienetakoa baitzen ontzigintzan.

Horren guztiaren inguruan gehiago jakiteko aukera eskainiko dien bidaia bederatzi etapatan egingo dute parte-hartzaileek. Bihar goizeko 10.30ean Getariako Udaletxeko plazatik abiatu, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Mundaka aldera joango dira taldekideak lehen etapa han amaitzeko. Bidean, Zumaia, Deba, Ondarroa, Lekeitio, Ispaster eta Ea zeharkatuko dituzte.

Datozen zortzi egunetan, besteak beste, ondorengo toki hauek bisitatuko dituzte: Bermeo, Bakio, Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela, Getxo eta Bilbo, Bizkaian; Amurrio, Añana Gesaltza, Gasteiz, Ozeta eta Zalduondo, Araban; Altsasu, Betelu, Lekunberri, Irurtzun, Iruñea, Huarte, Zubiri, Erro, Aurizberri eta Orbaizeta, Nafarroan; Ezterenzubi, Donibane Garazi, Itsasu, Ezpeleta, Uztaritze, Baiona, Barra, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia, Ipar Euskal Herrian; eta Zegama, Segura, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Tolosa, Hondarribia, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Donostia, Orio eta Zarautz, Gipuzkoako etapetan.

Ibilbideko leku jakin batzuetan, partaideek elkarrizketak egingo dituzte jakintzaren hainbat arlotako adituekin, taldearen dinamika aberasteko hainbat esperientzia eta ekarpen elkar banatuz.