Venezian ikusmira piztu duten filmak

28.08.2021 | 23:44
Pedro Almodóvarren ‘Madres paralelas’ filmaren eszena. Argazkia: N.G.

Zinema jaialdiaren 78. edizioa irailaren 1etik 11ra bitartean ospatuko da, izen nagusien artean Larrain, Almodovar eta Sorrentino daudelarik

Spencer, Pablo Larrainek zuzendutako Lady Diri buruzko biopic-a; Dennis Villeneuvek zuzendutako Dune zien-tzia-fikzioaren klasikoaren bertsio berria; Pedro Almodovarrek zabalduko duen Veneziako Zinemaldiaren 78. edizioak primizian erakutsiko ditu, irailaren 1etik 11ra bitartean, denboraldi honetan ikusmirarik handiena piztu duten filmetako batzuk. Sail ofizialean izen ospetsuak izango dira lehian: Larrain, Pedro Almodovar, Paolo Sorrentino, Paul Schrader edota Jane Campion; Oscarra irabazi zuen Parasitos filmaren Bong Joon-ho zuzendari korearra buru duen epaimahaiak erabakiko du Urrezko Lehoi desiratua nork eskuratuko duen.

Badira, ordea, lehiaketaz kanpoko perlak ere, eta Netflixek agerraldi boteretsua izango du film aipagarrienetako batzuk babestuz.

Spencer filmean, Kristen Stewart Lady Di bihurtuko da Pablo Larrain txiletarraren zuzendaritzapean, Peaky Blinders-en sortzaile Steven Knightek idatzitako luzemetrai honetan. Edukian, 90eko hamarkadaren hasierako asteburu bakar bat irudikatzen da, Dianak Carlos printzearengandik (Jack Farthing) bereiztea erabaki zuen asteburua, hain zuzen ere. 2016an, Venezian bertan estreinatu zuen Larrainek, XX. mendeko beste ikono baten erretratua, Natalie Portmanek hezurmamitu zuen Jackie Kennedy.

La gran belleza filmaren zuzendari Paolo Sorrentino, Urrezko Lehoia estreinakoz eskuratzen saiatuko da, bere idolo izandako Diego Armando Maradonaren ezizenean inspiratutako Ha sido la mano de Dios filmarekin. Bere jaioterri Napolin girotutako luzemetraia, nerabezaroan gurasoak istripu batean galdu zituen Sorrentinoren obrarik intimo, pertsonal eta mingarriena dela aurreratu dute.

Frank Herberten zientzia-fikziozko lan erreferentzialean oinarritutako Dune-k, film madarikatua izatearen etiketa eraman du beti. Alejandro Jodorowskyren lehen proiektua zapuztu egin zen aurrena – Mick Jagger eta Dalírekin –; ondoren Ridley Scottek beste saiakera bat egin zuen, eta azkenik, 1984an estreinatutako David Lynchen egokitzapen gorabeheratsu eta makurra. Denis Villeneuvek erronkari gogoz heldu dio, ordea, eta Venezian ikusiko da, lehiaketatik kanpo, bere proiektuaren bi zatietako lehena. Izarrez jositako aktore zerrenda osatu du, gainera: Timothée Chalamet, Rebecca Ferguson, Oscar Isaac, Javier Bardem eta Zendaya, besteak beste.

Madres paralelas izenburua duen film berriarekin, amatasunaren eta familia-harremanen gaian murgilduko da Pedro Almodovar. Mostra inauguratuko duen luzemetraia honetan, bi emakumek, Janisek eta Anak, elkarrekin topo egingo dute ospitale bateko gelan erditzear direla.

Biak dira ezkongabeak eta biak geratu ziren haurdun ustekabean, baina Janis (Penelope Cruz) ez da damu, eta Ana (Milena), nerabea, berriz, erabat beldurtuta dago. Israel Elejalde, Aitana Sanchez Gijon, Julieta Serrano eta Rossy de Palma ere agertzen dira errepartoan.

Gainera, Jane Campionek (Pianoa) The power of the dog ekarri du Veneziara, 1967an Thomas Savagek idatzitako eleberrian oinarrituta. Western honetan, Montanako arrantxo baten jabe diren bi anaien arteko harremana korapilatu egingo da, bietako bat herriko alargun batekin ezkontzean. Film hau udazkenean estreinatuko du Netflixek.

The lost daughter filmarekin, Maggie Gyllenhaal aktoreak (El caballero oscuro, Deuce, Secretary) debuta egingo du zuzendari lanetan, La amiga estupenda idatzi zuen Elena Ferrante enigmatikoaren eleberri baten egokitzapenarekin.

Hau ere Netflixena den The lost daughter, amatasunak eragiten dituen loturen erretratua da; aktore printzipalak, Olivia Colman (La Favorita filmarekin Oscar saria irabazi zuena) eta Dakota Johnson dira.

Ridley scotten azkena Mostratik iragarri dutenez, The last duel "Kurosawaren modura" egindako westerna omen da. Lehiaketaz kanpo erakutsiko den Ridley Scotten azken lan honetan, Adam Driver eta Matt Damon aurrez aurre izango dira.

Benetako istorio batean oinarritua, XIV. mendeko Frantzian gertatzen da eta Marguerite de Carrougesen (Jodie Comer) istorioa kontatzen du; hain zuzen ere, bere senar Jean de Courregesen (Damon) lagunik onena den Jacques Le Grisek (Driver), bortxatu egin duela salatuko baitu.

Eta The card counter filmean, Taxi Driver eta Toro Salvajeren gidoilari Paul Schraderrek, Scorsese izan du bere film berriaren ekoizle exekutibo. Oscar Isaac protagonista duen mendekuzko thrillerra da, eta jokuzale eta militar-ohi baten papera egiten du, iraganean bien etsai izandakoaz mendeku hartu nahi duen gazte bat bide onera ekartzeko ahaleginean. Willem Dafoe, Tye Sheridan eta Tiffany Haddish dira aktore nagusiak.

Halloween sagaren hamabigarren atala dakar David Gordon Greenek: Halloween Kills. Bertan, Michael Myers psikopatak zelatatutako Laurie Stroderen papera egin du berriro Jamie Lee Curtisek.

noticias de noticiasdegipuzkoa