- Donostia Kulturak abuztuko hiriko kultura programazioa aurkeztu berri du. Horien artean bereizgarriena, Capullas musikalaren estreinaldia izango da, Victoria Eugenia antzokian ikusgai irailaren 1etik 5era. Bost emakumeren bizitza eta nortasuna jorratzen ditu eta arrazakeria eta feminismoa bezalako gaiak ere hizpide ditu. Donostia Kulturak atzo aurreratu zuen datorren hileko egitaraua, kale-antzerkiko zenbait proposamen eskainiz: Circo Chosco-ren Indartsuak, hilaren 1ean, Larrotxene plazan; Rojo Telón-en Nudo, hilaren 3an, Antiguako frontoian; eta Trapu Zaharraren Por hacer un favor, egun berean, Egiako Blas Otero plazan.

Horiez gain, irailaren 2tik 5era estreinatuko dute Antzoki Zaharrean Yo soy el que soy antzezlana, Madrilen jaio eta Hego Korear jatorria duen Aaron Leeren autobiografian oinarrituta. Trapu Zaharrak Mesede bat egitearren euskarazko antzezlana taularatuko du hilaren 10ean Altzako Harria parkean eta, bestalde, hilaren 10ean eta 11n, Antzoki Zaharrean, Khea Ziaterrek Oymyakon: 101 gela eskainiko du; hilaren 23an, aldiz, Pixkol@bis antzerki taldearen Intimísimas obra ikusi ahal izango da.

Behin urrian sartuta, 1etik 3ra ospatuko da Donostiako XXX. Poltsiko Antzerki Jaialdia, formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunekin, hiriko hainbat gunetan. Dantzari dagokionean, irailaren 2an Dantzaz konpainiak Basoa ikuskizuna eskainiko du Egiako Blas Otero plazan. Hurrengo egunean eta leku berean, Chey Juradok eta Akira Yoshidak Hito koreografia eskainiko dute, eta Larutanek Out of the blue. Hilaren 11n Cielo Raso taldeak Hâmaïka dantzatuko du Gazteszenan.

Eta kontzertu eskaintzari dagokionez, hilaren 4an Matilda talde gipuzkoarrak Bataplanen joko du, eta 10ean Olinpiak leku berean. Bestalde, hilaren 11n eta 12an Sasibil elkarte lirikoak La leyenda del beso zarzuela eskainiko du Victoria Eugenia antzokian.

Irailaren 17an Loiola Vintage Festival jaialdia ospatuko da Loiola auzoan, Fermin Bouza eta Black Gambarekin; eta biharamunean, El twanguero eta Big Bog Railroad-ek klase magistrala eta kontzertua eskainiko dituzte Intxaurrondon. Hilaren 30ean Maite Larburuk Krak disko berria aurkeztuko du Gazteszenan.

San Telmo Museoan, Zinea bioleta koloreko betaurrekoekin hitzaldia eskainiko dute irailaren 7an Pilar Aguilar Carrascok eta Laura Freixasek, eta 11n Inma Barrioren La traslación de la sirena argazki-liburuaren aurkezpena izango da. Hilaren 16an berriz, Juan Lopez de Uraldek Klima Aldaketaren Legeaz hitz egingo du.

Irailaren 16an bertan, besteak beste, bertso emanaldia egingo da Tomasenen, eta Pirinioei eta bidaiei buruzko hitzaldia Christian Rabiren eskutik Okendon. Eta kultur egitaraua amaitzeko, Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azoka zabalik izango da Gipuzkoa plazan abuztuaren 27tik irailaren 12ra arte.