- Juan José eta Fausto Elhuyar anaiek aurkitu zuten wolframa 1782an Bergaran, Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paísek martxan jarritako Laboratorium Chemicum-en. Hasieran, argindarra sortzeko funtsezko elementua izan zen, baina gero eta erabilpen gehiago hartzen joan zen pixkanaka. Bigarren Mundu Gerran armak indartzeko erabiltzen zuten eta zeukan garrantzia ikusirik, wolframaren inguruan ere kontrabandoa sortu zen. Rosa Arburua Hezkuntza eta Filosofia Zientzietan doktoreak azaldu dio egunkari honi horren berri.

Zaila egin zitzaizun hemen wolframaren inguruko informazioa bilatzea. Madrilgo Atzerri Ministerioaren artxibora jo behar izan zenuen.

-Hemen ez nuen aurkitzen ez zegoelako. Wolframarena gatazka handia izan zen eta salaketak eta prozesu desberdinak zeudenez, dokumentazio hori artxiboetan aurkituko nuela pentsatu nuen. Atzerri Ministeriora jo nuen eta azkenean hor lortutako paper sortaren bidez ekin nion lanari.

Juan José eta Fausto Elhuyar anaiek aurkitu zuten wolframa Bergaran. Zer suposatu zuen horrek garaiko gizartearentzat?

-Wolframa isolatzea eta ikertzea sekulako aurrerapena izan zen garai horretan. Bonbillen harizpia egiteko eta argindarra lortzeko beharrezkoa zen, esaterako. Gero, asko erabili da X izpietan eta horrelako gauzetan ere. Sekulako ikerketa garrantzitsua izan zen mundu mailan eta eguneroko bizitzarako ere aurrerapen handia izan zen.

Bigarren Mundu Gerran ere garrantzi handia izan zuen armak indartzeko balio zuelako.

-Noski. Wolframaren ezaugarria da bere fusio puntua oso altua dela, oso gogorra da. Orduan, alemanei interesatzen zitzaien gogortasun hori erabiltzea tankeetan eta armamentuan. Alemanek garai batean Txinatik jaso zuten wolframa, baina gero Errusiak erasoak egin zituen eta Europa aldean non lortu zezaketen aztertzen hasi ziren alemanak. Hain zuzen ere, Portugal, Galizia, Salamanca... muga horren bi aldeetan wolfram meategiak zeuden eta daude, eta handik ustiatzen zuten. Behar beharrezkoa zuten, batez ere alemanek; aliatuek bazeukaten oso antzekoa den beste elementu bat, baina ez zuten nahi alemanek wolframa edukitzea eta hori oztopatzen saiatu ziren.

Espainiak 1944an 80.044.425 pezeta irabazi zituen wolframaren salmentarekin. Beraz, interesatzen zitzaion salmenta hori ezta?

-Bai, interesatzen zitzaion eta saltzen zuen. Legalki saltzen zuen, hori ez zen arazoa. Gertatzen dena da momentu batean aliatuek ez zutela nahi alemanek wolframa lortzea, eta gobernukoei esan zieten alemanei saltzen jarraitzen bazuten beraiek ez ziotela Espainiari petrolioa salduko. Estatu Batuak hasi ziren hori esaten eta gero Britainia Handia ere gehitu zen. Espainiak behar zuen petrolioa eta hasieran ez zietela alemanei wolframa salduko pentsatu zuten, baina Demetrio Carceller Industria ministroa ez zegoen ados horrekin. Azkenean, 1944ko maiatzaren 2an Espainiako gobernuak akordio bat sinatu zuen esanez hiru hilabetez ez zietela alemanei wolframa salduko eta gero, hilabetez hilabete begiratuko zutela zer kopuru salduko zieten. Hori zen legalki adostu zena, baina hori sinatu bezain pronto, isilpean kontrabandoz pasa zitzaien alemanei. Aliatuek behin eta berriro salaketak egiten zituztelako dakigu hori.

1944ko maiatzaren 28an gertaera garrantzitsu bat jazo zen Behobian kontrabandoari dagokionez.

-Oso larria izan zen. Maiatzaren 2an sinatutako akordioa 28an apurtu egin zen eta lehenagotik itxita zegoen Behobiako muga pasa zuten. Beraz, ilegalitate bikoitza eginez pasatu zen wolframa: muga legez kanpo pasa zutelako eta kontrabandoa egin zutelako. Testigantza ugari zeuden eta milaka esames atera ziren, baina azken finean dokumentuetan ager-tzen denaren arabera, badirudi ia ez zutela zigorrik izan hura zaintzeko ardura zutenek. Dena prestatuta zegoen wolframa beste aldera pasa-tzeko, baina ez egun horretan bakarrik, besteetan ere bai. Maiatzaren 28an goizeko ordu txikietan tona asko pasatu zituzten eta testigantzek esaten dute "soinu gor bat" entzuten zela. Garaiko etxeetako kristalak ez ziren gaur egungoak bezalakoak eta garai hartako kamioiek izugarrizko soinua egiten zuten. Testigantza batek Gernikako bonbardaketarekin alderatzen zuen soinua.

Zein izan ziren wolframaren kontrabandoan aritu ziren diktadore nagusiak?

-Nahiz eta liburuak Wolframa. Diktadoreen arteko kontrabandoa izena duen, Franco eta Hitler ez ziren horretan aritzen, noski. Baina izenburu horrekin adierazi nahi dut hain zuzen ere, goi-mailako karguak zituzten pertsonak ibili zirela kontrabandoa bultzatzen eta kontrabando honen parte izaten. 1944an Bidasoa aldean eta beste leku batzuetan ere bazegoen kontrabandoa, baina ezagunagoak zaizkigun gauzetan: errodamenduak, janaria... hainbat eta hainbat gauza pasatzen ziren mendiz edo itsasoz. Kontrabando mota hau mugaren alde bateko eta besteko herriko jendeak egiten zuen, baina wolframarena oso berezia izan zen, izan ere, erregimenarekin loturiko pertsonak izan ziren honetan sartuta zeudenak.

Asko al ziren?

-Ez, kontrabando oso mugatua zen pertsona kopuruari dagokionez. Horren adibide da beste mota ba-tzuetako kontrabandoa egiten aritu ziren pertsonei galdetuta, eta askori galdetu izan diet urteetan zehar, ez zekitela wolframaren inguruko ezer. Wolframa hitza ere ez zekiten zer zen. Orduan, oso jende gutxiren esku egon da hau.

Wolfram meategiak ere aztertu dituzu. Zein izan ziren nagusiak?

-Nik batzuk begiratu ditut. Galizian badaude; Portugal aldean, adibidez, Panasqueira oso handia da; Salamanca aldean Navasfríasen egon nintzen denbora luzez eta horko testigantzak ere jaso nituen. Portugalen Castro Laboreiron ere izan nintzen eta oso berezia egin zitzaidan, izan ere, oso urruti dagoen toki bat da eta meategi batzuk zeuden, baina gehienak irekiak ziren. Batzuk esaten zuten jendea mendira joaten zela eta guk onddoak aurkitzen ditugun bezala, beraiek wolframa aurkitzen zutela. Nik meagintzari buruz ez dakit, ezta berezia iruditu zitzaidan.

Euskadin ez zeuden wolfram meategiak eta Portugal aldetik Bidasoako mugara ekartzen zuten Frantziara pasatzeko.

-Bai, baina handik ere bidaia egin behar zen trenez edo ahal zen moduan. Horrek esan nahi du trenaren kontrola ere eramaten zutela. Hori agintariek egin dezakete bakarrik. Oso interesgarria egiten zait niri wolframaren kontrabandoa, izan ere, normalean portugaldarrek aliatuei saltzen zieten eta espainiarrek alemanei. Baina alemanek garestiago ordaintzen bazuten, Portugalgo meategitik Espainiara kontrabandoz ekartzen zuten. Ez da bakarrik kontrabandoa Bidasoa aldetik egiten zela, baizik eta askotan Portugaldik Espainiara ere pasatzen zen eta ezinezkoa zen.

Meategietan nork egiten zuen lan?

-Herriko eta inguruko jendeak. Gainera, lan asko izan zen eta prezioak igotzen joan ziren. Meategiak lantokiak ziren eta inguruko jendea ere joaten zen bertara.

Liburuan aipatzen duzu emakumeek bitxiak erosteko erabiltzen zutela wolframa.

-Hori Castro Laboreiron kontatu zidaten. Esaten zuten gizonezkoek eta umeek meatzeetan lan egiten zutela wolfram zati handiak lortzeko, eta emakumeak, berriz, zati txikiak biltzen joaten ziren. Horrekin, oso urruti dagoen ondoko herrira joaten ziren eta han wolframa saltzen zuten. Horren truke, urrezko bitxiak erosten zituzten. Gizon batek barrezka esan zidan emakume horiek oso azkarrak izan zirela, beraien ondorengoek urrezko lepokoak izan zituztelako.

'Mugaz gaineko portugaldarren pasa' idatzi zenuen 2014an. Metodologia berbera erabili al duzu orain ere?

-Nire liburu guztietan metodologia berdintsua jarraitzen dut. Alde batetik, idatzizko dokumentuak ikertzen ditut eta horretarako artxiboa, bibliografia eta hemeroteka erabiltzen ditut. Eta gero, lekukotasunak biltzen ditut. Portugaldarren emigrazio klandestino horretan ere lekukotasuna bilatu nuen Portugalera bidaiatuz, Espainiako mugan ibiliz, hemengo pasatzaileekin eta baita pasatu zirenekin ere. Wolframaren liburuan gertatu da pisu askoz gehiago hartu duela aurkitutako zorioneko altxorrak lekukotasunak baino. Meategi inguruko jendearekin hitz egin dut, baina Bidasoa aldera etorriz jende oso gutxik hitz egin nahi du gai honetaz. Konplexua da, agian orain hain gustura ikusten ez den ideologia batekin bat egiten zutenen ondorengoak daude hor nahastuta, eta ez da erraza.