mirarte

Urmugak euskal musikarien belaunaldi ezberdinak bilduko ditu bigarren edizioan

Zeharkaldia uztailaren 13tik 31ra izango da, guztira 385 kilometro, 19 etapa eta 16 kontzertu

01.07.2021 | 00:37
Amaia Elizaran dantzariak ireki zuen iazko Urmugaren programa artistikoa Argazkia: Urmuga

donostia – Bi aste baino gutxiagoan hasiko da mendi zeharkaldiak eta ingurune naturaletako kontzertuak batzen dituen Urmuga ekimenaren bigarren edizioa. Konfinamendutik irten berri ginela 2020ko uztailean egindako lehen edizioaren arrakastari jarraipena eman nahian, Migel Zeberio musikariak eta Felipe Uriarte mendizaleak bultzatutako ekimen honek mendebaldetik ekialdera zeharkatuko Euskal Herria du bi aste barru. "Dena biribila izan zen, bai artearen ikuspegitik, bai ikusleen aldetik, are gehiago zein garaitan egin genuen kontuan hartuta", azaldu du Zeberiok, Et Incarnatus hari-orkestrako ordezkari eta Urmugako zuzendari artistikoak, egunkari honekin izandako elkarrizketan. Orain, instrumentuak hartu eta berriro mendira joateko unea iritsi da, hori bai, musikari belaunaldi ezberdinak uztartzeko apustu "handiago eta zabalagoaren" alde eginez.

Uztailaren 13an Angulo mendatean hasi eta hilaren 31n amaituko da zeharkaldia, 19 jardunaldi eta 385 kilometro egin eta gero, Hiru Erregeen Mahaian, beti ere, Kantauri isurialdea eta Mediterraneoa banatzen dituen urmugari jarraituz. Besteak beste, Zegama, Aralar, Zaraitzu, Araia eta Izaba dira aurten aukeratutako kokaguneetako batzuk, Urmugako arduradunek hiri handietatik urrun dauden lekuen aldeko apustua berretsi nahi izan baitute, bestela, tankera honetako musika-emanaldirik antolatu ezingo litzatekeen guneak, alegia: "Maiz ahaztuta izaten ditugunekin aritu nahi genuen elkarlanean".

Mendi ibilaldiaren etapa horietan belaunaldi ezberdinetako artista euskaldunen 16 kontzertu eskainiko dira, besteak beste, Chill Mafia, Nogen, Alex Sardui, Donostiako Orfeoia, Niko Etxart, Idoia Asurmendi, Olatz Salvador, Gorka Urbizu eta Mikel Urdangarin. Guzti horiek Et Incarnatus taldearen laguntza izango dute. Zeberiok azpimarratu duenez, antolakuntzaren nahia proposamen artistiko "ahalik eta zabalena" egitea zen, artista belaunaldi ezberdinak eta Euskal Herriko txoko desberdinetakoak elkartuz. Helburu horrekin eta iazkoarekin alderatuta, belaunaldi gazteagoekin lotura handiagoa izango duen kartela bilatu nahi izan dute, proposamen gazteagoak ere programatuz. Bestalde, Et Incarnatus lagun izanik, musika-proposamen batzuek erabat bestelako zentzua izango dute. Chill Mafia, Dupla, Idoia Asurmendi edo Olatz Salvadoren Urmugaren testuingurua entzuteak ez du inolako zerikusirik izango ohiko kontzertu areto batean entzutearekin.

"Itsu-itsuan jauzi" "Lehen edizioa itsu-itsuan egindako jauzia izan zen", aitortu du Zeberiok. Sekula ez zuten horrelakorik antolatu, nahiz eta bi arduradun nagusiek bazuten esperientzia ekimenak aurrera eramaten, bakoitzak bere esparruan. Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak izeneko mendi bidaia agentziako arduraduna da, eta Zeberiok berak, Et Incarnatusekin batera, hainbat ikuskizun antolatu ditu gune naturaletan, esate baterako ohiko Solstizioaren Kontzertua edota Azken Muga kontzertua, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan: "Apustu arriskutsua izan zen, baina aurreikuspenak ondo bete ziren".

Ingurune natural batean jarduera artistikoak garatzeak dakarren gehigarriari dagokionez, Zeberiok uste duenez, eskaintzen dutena publikoari esperientzia musikalaren "dimentsio askoz ere zabalagoa, sakonagoa eta aberasgarriagoa" eskura jartzea omen da. Eta bertaratutakoek hala aitortzen omen dute: kontzertua hirigune batetik kanpo gertatze hutsak abantaila oso garbi bat eskaintzen du hasiera hasieratik, kontzentrazioa. "Egia esan, harrigarria egiten zait nola ez den orain arte horrelako jarduerarik proposatu gure geografian", adierazi du amaitzeko, musikari tolosarrak.

Urmugak publikoari esperientzia musikalaren "dimentsio askoz ere aberasgarriagoa eta sakonagoa" eskaintzen dio

noticias de noticiasdegipuzkoa