"Ezagutu nahi baldin banauzu, nire abestiren bat ikasi, niri buruzko istorio txiki bat kontatuko dizu". Horrelaxe mintzatu da astearte honetan Amaia Zubiria abeslaria (1947) Adarra Sariaren aurtengo irabazlea aurkezteko prentsaurrekoan. Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du 2021eko saria Zubiriari ematea.

Zubieta auzoan jaiotako kantaria "euskal musikaren ordezkari paregabea da", iragan mendeko 70eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbide oparoarekin "XXI. mende honetan bere eragina nabari da oraindik ere", esan du Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustik. Abeslariak "kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lana" azpimarratu eta gurera "abestigintza berri bat" ekarri izana ere goraipatu zuen. Ez hori bakarrik, hamaika filmetan kantuarekin kolaboratu izan du; gehienetan, Pascal Gaignerekin lankidetzan. Zubiriak berak, bere aldetik, Euskal Herrian musikari izatearen arantzak argi utzi izan nahi ditu: "Musikak jateko ez du askorik balio izan, baina maitasuna eta ilusioa ekarri dizkit".

Zentzu horretan, sariaren berri eman ziotenean poztu egin ote zen galdetuta, sortutako "kontraesanak" mahai gaineratu ditu. Alde batetik, gazteak izan zirenean instituzioek "kasurik ez zietela egiten" ekarri du gogora. Inola ere, Euskal Herria oso "txikia" dela azpimarratu du eta berehala ematen zaiola buelta; horrekin, ordea, ezin bizi: "Guk lana eskatzen genuen, eta horrexek ematen zigun lana, ez baitzegoen lan nahikorik. Gure herria oso txikia da eta bira berehala ematen zitzaion. Beste zenbait lanetan jardun behar izaten genuen, beste batzuen moduan", gogoratu eta, gerora, kantagintzara dedikatzeko erabakia bakoitzaren "ardura" dela gaineratu du.

Omenaldiak gustuko ez izan arren, Donostia Kulturak Adarra Saria eman ziola jakin zuenean, asko poztu omen zen. Ohean gaixo zegoen kantaria: "Salto bat emateko gogoa izan nuen, dantzan hasiko nintzen ahal izan banu. Nire aurreiritziak nora joan ote ziren? Auskalo, ez zait inporta. Oso kontent nago".

Zubiriak Txomin Artolarekin egin zuen topo 70eko hamarkadan, eta hainbat urte iraun zuen lankidetza hasi zuten, Walt Whitman Poeta estatubatuarraren influentzia nabarmena zuen Haizea taldean. Bi disko grabatu ondoren, Frantzian eta Iparraldean ibili ziren, eta han ezagutu zuen kantariak Pascal Gaigne. 1980. hamarraldiaren hasieran bikote artistikoa osatu zuten eta horrez gain, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin ere ibili zen. 1995etik aurrera, Zubiriak bakarkako proiektuari ekin zion sei disko argitaratuz.

Bidean, gainera, zinemarako hainbat lan egin ditu. Horietan lehenengoa La fuga de Segovia izan zen, Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin batera. Zergatik Panpox, Cuando tú quieras, Yoyes edo Karramarro uhartea pelikuletan ere bere ukitua utzi digu.

Adarra Sariaren kontzertua

Adarra Saria, Donostia Kulturak euskal musikari edo taldeen ibilbidea goraipatzeko asmoz 2014an sortutako errekonozimendua da. Orain arterakoan, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute. Aurtengoan Zubiriari egokitu zaio, eta ekainaren 21ean Victoria Eugenia antzokian eskainiko duen kontzertuan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak sortutako garaikurra.

Zubietako abeslariak errepertorio propioa landuko du bereziki; oholtza gainean, ez da bakarrik arituko, ordea. Azken lau hamarkadetako zenbait bidaide, lagun eta "maitale" lagun izango ditu, Pascal Gaigne, Angel Unzu, Iñaki Salvador eta Gonzalo Tejada, besteak beste. "Musikari hauekin propio bakarrik atera liteke gaizki", esan du. Gainera, ekitaldi berezi honetarako Jon Maia bertsolaria ere gonbidatu du: "Ezin bizi bertsolaritzarik gabe".