- Gaurtik aurrera Marina Nuñez palentziarrak Donostiako Kubo Aretoan aurkeztuko du Azalik Gabe/Sin piel erakusketa. Emakumeak metamorfosian, izaki fantastikoek, natura ezinezkoek eta begi kezkagarriek, agertoki etsaiek, distortsionatu eta aldakorrek osatzen dute bere unibertso artistikoa. Atzoko aurkezpenean artistak azaldu zuenez, bere lanetariko asko ordenagailuarekin egindako "lan zorrotzaren" emaitza omen dira, "pixelez pixel" osatutakoak, existitzen ez diren irudiak sortu arte.

Kutxa Fundazioak Kursaal jauregian duen espazioan esperientzia emozional orotariko bat eskaintzen du sortzaileak, instalazio bideografikoen bidez. Formatu desberdinak ere bat egiten ditu instalazio horietan, pintura zein bideoa, argazkigintza, infografia edota 3D-n egindako animazioak. Nuñezek obra ikusgarriak aurkezten ditu, Inmersión adibidez, "arkitektura begetal eta geometrikoetan" oinarritutakoa, zeinetatik "materiarekin integratutako eta hibridatutako" izakiak azaleratzen diren, baita "alien landareak" ere -aipatu zuen- "neurririk gabe" hazten direnak, "ingeniaritza genetikoaren emaitza" balira bezala.

Aretoko zuzendari Ane Abalde, eta bideoartean espezializatutako arte garaikideko historialari Susana Blas Brunel, erakusketaren komisarioa lagun zituela azaldu zuen Nuñezek, beti metaforikoak eta, inoiz, baita distopikoak ere izaten diren bere ilusio optikoetan eta fikziozko giroetan zer islatu nahi duen.

Obra hauek "sentitu eta hausnar-tzeko" gonbita direla esan zuen. Eta, batez ere, "krisi klimatiko eta sozialean" murgilduta dagoen planeta baten -are gehiago orain, pandemiaren "hondamendi" honekin-, eta bertako biztanleen arteko harremanak "berrantolatzea" bultzatu nahi omen dute, biztanle horiek gizakiak izan ala ez.

Artistak adierazi zuenez, bera beti errebelatu omen da, teknologiak eta zientziak erakusten duten "natura kontrolatzeko obsesioa"-ren aurrean; eta hori "ezinezkoa" dela erakusten du, behin eta berriz, bere lanetan.

Hala ere, bere esanetan, dena ez da "distopikoa" erakusketan, eta "ingurunearekin harremana enpatikoagoa" duten lanak, "inguruarekin nahasten direnak" ere baditu erakusgai.

Azalik gabe, artistaren azken lanen aukeraketa bat da, eta horietan, ohiko kanonetatik eta arauetatik kanpoko errealitateak edo iruditeriak erakusteko ahaleginean jarraitzen du; oraingoan, gainera, "etengabe aldatzen ari den ingurune" batean, edota, bere ikuspegi artistikotik, "suntsitzeko bidean" dagoenean.

Lau "ingurune edo orbitatan" egituratuta dagoen erakusketak "espiral edo kiribilezko" ibilbide batetik eramaten du bisitaria, 1. orbitako "supernoba, fraktal eta itsaskietatik" 2.aren "murgiltze, natura eta zibilizaziora", eta 3.aren "begia eta pitzaduretara"; amaieran, "denboraren tunela" dago, 30 urteko sormenaren laburpena erakusten duen atzera begirako ikus-entzunezkoa.

Erakusketak "mugimendu fluxu bat" eskaintzen du, argiztatutako aretoak eta ilunak zeharkatuko dituena; beti ere, Luis De la Torrek berariaz gune bakoitzarentzat konposatutako musika lagun, egonezinetik lasaitasunerainoko ibilian.